'Sultanaren ametsa'
Zuzendaria: Isabel Herguera. Herrialdea: Euskal Herria-Alemania. Iraupena: 86 minutu.Euskaraz pentsatzen du Inesek, filmeko protagonistak. Euskaraz egiten du amets esna dagoenean. Eta beste hainbat hizkuntzatan mintzo da. Sultanaren ametsa filmean, euskara ez ezik gaztelania, italiera, ingelesa, bengalera eta hindia ere entzuten dira. Pelikulako aniztasuna, hala ere, ez da hizkuntzetara mugatzen: ilustrazio teknikak ere askotarikoak dira. Akuarelarekin sortutako irudiak dira nagusi, eta horiekin josi du Herguerak istorioaren zatirik handiena. Tartekatzen dira filmaren azpi istorioetan itzalen antzerkia gogorarazten duten figurak, batetik, eta collageak eta hiru dimentsioko irudiak uztartzeko teknika mixtoa, bestetik.
Herguerak alimaleko lana osatu du film luze iradokitzaile batean. Indiako rickshaw batean eramaten du ikuslea. Ipuin batean barrena eramaten du, imajinazioan hegan. Esna dagoela ametsetan ariko balitz bezala.
Begum Rokeya Hossain idazle bengalarraren Sultana's Dream (1905) utopia feministak emakumeek gobernatutako herrialde bat deskribatzen du, non gizonak etxean itxita bizi diren eta hango emakumeek duten botere politikoa, baita finantzen ardura ere. Ines neska protagonistak liburu hori deskubrituko du Indian, eta, handik aurrera, liluratuta geldituko da istorioarekin. Rokeya Hossainen inguruan gehiago jakiteko irrikaz egongo da, tarteka Donostian eta Erroman ere ibiliko den arren —ama Gipuzkoako hiriburuan bizi da, eta ozeanografoa da, eta aita Italian dabil, Bollywoodeko filmak grabatzen—.
1905eko liburu feministaren kontakizunak eta Rokeya Hossainek 1890etik 1932ra bizitako pasarteek eremu eta animazio teknika propioak dituzte filmean. Tarte horiek funtsezkoak dira, eta ederki kontatua dago gizonak etxean itxita utzi beharraren utopia. Sultanaren liburuak Herguerarengan izan zuen eragina Ines protagonistaren sentimenduetan islatzen da.
Hergueraren alboan, Gianmarco Serra aritu da gidoia ontzen. Nabarmentzekoa da Eduardo Elosegik argazki zuzendaritzan egindako lana —urte luzez Juanba Berasategirekin aritutakoa da—. Izibene Oñederrak eta Bego Vicariok egin dute ekarpena animazioetan. Eta Indiako emakume batzuek marrazkiak egiten izan duten parte hartzea ere ez da ahaztu behar.
Akaso, gidoia ez da erabat biribila. Baina hori ez da traba larria. Pelikula bera eta marrazkien finezia eztabaidaezinak dira, eta Sultanaren ametsa-k merezita lortu du Sail Ofizialean lehiatzeko aukera. Ez dira Euskal Herrian helduentzako animaziozko halako film luze asko egin —Herguerak berak film labur interesgarri batzuk onduak ditu lehendik—, eta ez da erraza izango halakoak areto askotara iristea. Baina amets egitea osasuntsua da beti. Eta pelikulak gonbit polita egiten du gehiago amets egiteko, feminismoaren ikuspegitik.