Kritika. Musika

Uste baino ilunagoak ziren

Lucinda Williams / 'Sings The Beatles From Abbey Road'
Andoni Tolosa.
2024ko abenduaren 22a
04:30
Entzun

LUCINDA WILLIAMS

'Sings The Beatles From Abbey Road'

Diskoetxea: Highway 20.

Ez nuen uste, sekula, The Beatles taldearen bertsioen disko bat aholkatuko nuenik. Arrazoi asko eman ditzaket horretarako: lehenik eta behin, haien diskogintzaren inguruan dudan ezagutza eskasa, baina, horrekin batera, kasik jakintza entziklopedikoa behar dela Liverpoolekoen kantuen bertsioen oihan izugarrian zehar ibiltzeko. Kopia hutsetik irakurketa ausartetara, omenaldi xumeetatik mainstream ariketa errentagarrietara, ez dakit nola ez duten kirol olinpiko bihurtu Lennon eta lagunen kantuen aldaerak egitea. Genero eta joera guztiak ukitzen dituen zerbait da, eta pop kulturaren ikonorik hedatuenetako batez ari garenez, ulertuko duzue erreparo ugari edukitzea. Baina hara non Lucinda Williamsek Beatles taldearen bertsioen diskoa egiten duen, entzun, eta orduan bai, badudan arrazoi bat horrelako batez hitz egiteko.

Ez da berria Williams andreak besteen kantuekin diskoak egitea; 2020an kaleratu zuen Tom Pettyrenekin osatutako Runnin’Down A Dream lana, eta, ondoren, etorri ziren country musikari, southern-soulari, Bob Dylani (hauek guztiak, pandemia garaikoak) edota Rolling Stones taldeari eskainitakoak. Esan daiteke bertsiogintza bihurtu dela Louisianakoaren azken lau urteetako lan-esparru nagusietako bat. Eta ez da arte erraza bertsio onak egitea, ezta gutxiagorik ere, bai ordea esker txarreko lana, non konparazio etengabearen menpe ibili beharko duen bertsiogileak.

Beraz, zergatik entzun Sing The Beatles From Abbey Road hau? Bueno, nola ez, kantu-aukeraketa orekatuagatik. Bertsio oso agerikoekin batera (Let It Be, Don’t Let Me Down, Can’t Buy Me Love...) badirelako beste batzuk ez hain ezagunak: I’m Looking Through You zoragarria, Lucindarentzat propio idatzitakoa dirudien Rain, arima beltzak hauspotutako Yer Blues, edota rockera ekarritako While My Guitar Gently Weeps. Bestalde, kantariaren nortasunaren eta kantu ikoniko horien zama historikoaren arteko lehian (denok ezagutzen ditugu, eta modu jakinen batean entzutea espero ditugu) Lucinda Williams gertatzen delako garaile, zalantzarik gabe, gainera. Edonola ere, entzutea merezi du, irakurketa berri honekin suspertu egiten delako kantu horiek sortze beretik eduki duten elementu beltz amerikarra (dela soula, dela bluesa, dela gospela, dela rocka), askotan pop geruzetan ezkutuan geratu izan dena, baina hor zegoena, eta esango nuke horretan bete-betean asmatu duela Louisianakoak.

Bukatzeko, disko gozagarria da hau, non, arreta apur bat jarrita, Lucinda Williamsen ahots lakarraren, ikuspuntu musikal organikoaren eta Beatlesen pop argiaren topaketak eragiten dituen txinpartak sumatuko dituzun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.