KRITIKA. Zirkua

Urtea zirkuan bukatu

Agus Perez.
2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun

'Maluta jaialdia'

Artistak: Gorka Ganso eta Cecilia Paganini (Ganso&Cia), Andrea Sperotto, Rodrigo Gil, Laura Picard, Iñigo Arroyo, Kolektivo Konika. Emanaldiaren gidaritza: Ganso&Cia. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa. Eguna: Abenduak 29.

Bosgarren urtez ospatu da Maluta jaialdia Durangoko San Agustin aretoan, lau egunez eta antzokiko besaulki denak beteta. Bizkaiko Ganso&Cia konpainia (Gorka Ganso eta Cecilia Paganini) ezinbestekoa da jaialdiaren antolamendurako, eta beren kontaktu-sare zabalari esker herri askotako artista paregabeak ikusten ditugu urte guztietan.

Beren zeremonia-maisu rolari fidel izanik, kasaka gorriz jantzita agertu dira Ganso eta Paganini, eta aretoa zorrotz garbitzeari ekin diote ikusleak besaulkietara joaten ziren bitartean. Hor hasi dira komeriak, barre politak eragin dituztelako artistentzako alfonbra gorriak eragin dizkien arazoekin eta eszenarako sarbidean aurkitu duten ate absurduarekin.

Behin atariko prestakizunak bukatuta, Andrea Sperotto italiarrarekin hasi dira zirku-saioak, eta artistak haga bertikalean egindako erakustaldiak kutsu garaikide nabarmena hartu du, bai bere kaleko janzkeragatik bai ariketa paregabeei emandako tonu soil eta neutroagatik. Tarteka-marteka umore ukitu leunak ere txertatu ditu eta nolabaiteko izaera onirikoaz kutsatu du ekinaldia.

Jarraian Rodrigo Gil espainiar malabaristaren txanda etorri da, eta Joaquin Rodrigoren Aranjuezko kontzertua-ren pasarte baten inflexioei atxikita gauzatu ditu sei pilota zuriekin egindako balentriak, eskuak, besoak, oinak, masailak eta burua erabiliz, eta arte-mota horretan inoiz ikusi ez diren jolasak eta ikuste-efektuak abilidade handiz gauzatuta. Laura Picard frantziarra izan da hurrengoa, eta —Gilek bezala— maila gorenera eraman du bihurrikatzeen artea. Gainera, soinean zeramatzan arropa piezak gorputz-atalez aldatzen joan da oreka-ariketak egin ahala —jaka, gona eta maukak galtzerdi bihurtuta, adibidez—, eta bide horretatik goi mailako artearekin uztartu du umore inteligentea.

Beharbada, Iñaki Arroyo euskal herritarra izan da zuzendaritza artistikoaren eskasian agertu den bakarra, baina bere BMX bizikletan egindako erakustaldiak abiadura eta trebezia marka guztiak gainditu ditu agertokiaren neurri mugatuak gorabehera, eta bere prestakuntza teknikoa ez da besteen mailaren atzetik geratu. Bizikleta gainean ere eman du Gorka Gansok ekitaldien arteko pasarteetariko bat, baina gurpil bakarraren gainean kasu honetan, eta ikusle heldu baten ezinbesteko kolaborazioarekin. Neskato batena ere jaso du beste ekitaldi batean, eta bietan garbi geratu da finezia handikoa dela ikusleekin ezartzen duen harremana.

Azkenik, Malutak urrezko lekua eman dio sei emakumez osatutako Kolektibo Konikari: Italia, Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko artistak dira eta akrobazia kolektiboan jarduten dute, teknika txukunez, baina batez ere beren ofizioarekiko pasioarekin eta umore onez. Burutu dituzten ariketen artean Kataluniako giza dorreen irudia agertu da batzuetan eta —beren janzkera natural baina atsegina lagun— desmuntatu egin dute akrobaziaren arloan nagusi den genero-banaketa. Amaiera esanguratsua, benetan, beste zirku mota bat ikusi nahi dugun guztiontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.