Haur eta gazte literatura. 'GURE ETXEA'

Urrezko kaiola

2013ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Idazlea: Ruben Ruiz.

Ilustratzailea: Eider Eibar.

Argitaletxea: Erein.

Etxerik gabe bizi direnak literatur gaia izaten dira maiztasun erregular batekin. Urruti jo gabe, 2011ko Euskadi Saria irabazi zuen Miren Agur Meaberen Errepidea narrazioak karabana batean bizi ziren ama-alaba batzuenak kontatzen zituen.

Halako gai sentikorra jorratzeko orduan ikuspuntu kritikoa erakusten da batzuetan, besteetan erromantikoa, baina beti gertatzen da labainkor. Gauzak nola diren, dugun krisi garai hauetan ahoz aho dabil halako egoeraren drama.

Ruiz eta Eibar literaturgileak ausartu dira bada gaia ukitzera, bakoitza bere ofiziotik, Gure etxea deritzon album ilustratu honekin.

Liburua etzana da, tamaina ertainekoa (31x22 cm) eta koloretan dator.

Liburuak dituen 36 orrialdeetan formatua errepikatu egiten da, bai irudien konposaketan, bai narrazioaren egituraketan, bai mezuan. Bi-orriko bakoitzean, ezkerretara testua dugu paper eta kartoia irudikatzen duen hondo baten gainean, eta eskuinetara ilustrazioak daude, testurik gabe. Zehaztu behar da eskuineko ilustrazio horietan irudiek ez dutela plano orokorrik eskaintzen; alderantziz, mintzagaia denaren xehetasunak ematen dituzte, zatiak planoz kanpo nahita utzita. Merezi du aipatzea Eibar ilustratzailearen lana ere, harengan ohikoak diren irudi gozoetatik aldendu nahiko balu bezala agertzen dela, esperimentazioari tartea eskainiz.

Esanda gelditu da gaia etxegabeak direla. Etxegabe arloteak zehazki, tetrabrik kutxatik ardoa edaten duen bizardun bat ageri baitzaigu irudietan. Baina, haur batekin ageri da. Eta haurra narratzailea da.

Testua esaldi laburretan ematen zaigu, dosi txikitan, eta haurrak bere bizilekuaren deskribapena era tranpatian egiten du, ezustekoa amaierarako ezkutatzen denean egiten den eran. Hala, bere «etxeak» igerilekua, lorategia eta garajea dituela esaten digu, bai eta hondartza ondoan dagoela ere. Haurrak halakorik esaten ez badu ere, amaiera aldera parke batean kartoien artean bizi dela ikusten dugu, hori bai, zeharka, arestian aipatu dugun plano orokorraren faltagatik.

Obra guztia ongi baino hobeto kalkulatuta dago irakurleak aberatsen luxuzko etxeak aldera ditzan protagonistak duen bizilekuarekin, mezu baikor bat emanez kaleko biztanle hauei buruz, azken finean haien bizitokiak aberatsarenak dituen luxu guztiak dituela iradokiz.

Esan liteke obra honetan ikuspuntu erromantikoa erabili dela, kaleko biztanleak askatasunaren eta bizipozaren eredu jarriaz.

Halako mezua zabaltzearen egokitasunaz zalantza bat baino gehiago piztea zilegi bekit, etxegabetzeen dramak erakusten duen legez, kale gorria ez baita bizileku desiragarria. Era berean da kezkagarria erakustea kaleko biztanlea zoriontasunean bizi den pertsona gisara; halakoak, zoritxarrez, gaixo dauden pertsonak dira, bere burua gobernatzeko gaitasun eta indarrik gabekoak, eta ez dute, are gutxiago, haur bat zaintzeko kemen edota indarra.

Obra honen egileek erromantiko handiak direla erakutsi digute, baina, agian, nomaden askatasuna gure gizartearen baztertuekin parekatzean tronpatu egin dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.