Chick Corea & The Vigil Paco de Lucia
Lekua: Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailak 20.
Zaleek espero zuten unea iritsi zen pasa den larunbat gauean, eta musikaren bi izar entzuteko parada izan genuen Mendizorrotza kiroldegian. Chic Coreak zabaldu zuen jardunaldia, Hot House piezarekin —The Vigil taldearekin argitaratu berri duen izen bereko diskoa amaitzen du—. Corea askotan hurbildu da erritmo latinoetara, eta saio honetan hasieratik nabaritu da hurbilketa hori. Baina beste urrats bat egin du, eta flamenkoaren esparruan ere sartu da, Planet Chia abestiarekin. Eskertzekoa da beste estiloekin bat egiteko asmoa erakustea eta egitasmo hori mundu osoan zehar entzungo den disko batean gauzatzea. Hala ere, gitarra jotzaile zurbil eta hieratiko bat espainiarra ez den gitarra akustiko batekin aritzea, estilo horretan ohikoak diren zarrastak eta arpegioak erabili gabe, flamenkoa gogoratzen duten nota batzuk ateratzeak eskaintzen duen irudia pobre samarra iruditu zitzaidan; are gehiago, ondoren estilo horretako munduko espezialista onena etorriko zela jakinda. Hortik aparte, kontzertu ona egin zuen talde honek lehen zati horretan.
Aurreko emanaldietan bezala, Paco de Lucia bakarka hasi zen lehen minutuetan, flamenkoaren oinarrian dagoen gitarra espainiarra inork baino hobeto erabiliz. Kiroldegia mukuru bete zuten entzuleek hasieratik erakutsi zioten miresmena, oihuka eta txaloka. Ondorengo piezetarako, aurreko urteetan ere berarekin taulara igo zirenak agertu ziren, Piraña, Alain Perez, Farru eta Antonio Serrano, besteak beste. Azken horrek lan aipagarria egin zuen teklatuekin eta, batez ere, armonikarekin, tinbre bereziko musika tresna bat izanda, oso ondo egokitu baitu flamenkorako. Tarte handia eman zion Duquende dantzariari. Takoi hotsak ateratzen eta mugimendu erdi harro erdi dotoreak antzezten, ikusleen ole-ak areagotu zituen. Oro har, De Luciak aurreko bisitaldietan egin zuen emanaldi bertsua errepikatu zuen, baina horixe da, hain zuzen ere, jendeak ikusi nahi duena.
Beraz, gauaren hirugarren zatira arte itxaron behar izan genuen zerbait berria ikusteko. Pacoren taldeari Corea gehitu zitzaion. Lehen piezan ondotxo moldatu zen, baina, txandaka aritu zirenez, tarte gutxi izan zuen pianoak parte hartzeko. Nola ez, Entre dos aguas jo zuten gero, De Luciaren kantu ezagunena. Taldea ondo, baina Chick ez zen ausart agertu, eta motz ikusi nuen. Hortik aurrera, Coreak hartu zuen lema, eta ezustean harrapatu zuen gitarrista, Concierto de Aranjuez-en sarrera bikaina eskainiz. Paco eta biak ondo aritu ziren elkarrekin, bata ikuspegi klasikoan eta bestea jazz estiloko disonantzia txiki batzuk erantsiz. Amaierarako utzi zuten pastelaren ginga. Hitz pare bat gurutzatu zuten, irribarre bana aurpegietan eta Michel Camilok eta Tomatitok konposatu zuten Spain zoragarriarekin agur esan ziguten, saio osoaren une bikainenean.
Murrizketen mamuak beldurra ekarri bazuen ere, aurtengo jazz jaialdiak ez du kalitaterik galdu aurrekoen aldean. Ikusi ditudan emanaldi guztiak goi mailakoak izan dira. Bill Frisellena izan zen gutxien gustatu zitzaidana, baina, hortik aparte, guztiekin gozatu dut, eta ezuste atsegin bat baino gehiago izan dut. Baten bat nabarmentzekotan, Jacky Terrassonen emanaldia nabarmenduko nuke. Ez nuen erreferentzia asko pianista horretaz, eta etengabe harritu ninduen bere proposamenak, bereziki Cecile McLorinen ahotsak lagundu zuenean eta Michel Portalen eskarmentuari bere onena atera zionean. Aurtengo jaialdiarenak egin du. Datorren urtekoa maila berekoa izango ahal da!!!
Kritika. Gasteizko 37. Jazzaldia
Urrezko amaiera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu