KRITIKA. Musika

Urregina eta orkestra

2023ko azaroaren 11
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Stanislav Kotxanovski. Biolina: Sergey Khatxatrian. Egitaraua: J. Brahmsen Biolinerako eta orkestrarako kontzertua op. 77 eta Dmitri Xostakovitx 6. Sinfonia, op. 54. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Azaroak 9.

Euskadiko Orkestraren zuzendari titularrak, Robert Treviñok, Johannes Brahmsen sinfonia guztiak eta kontzertu nagusiak interpretatzeko erronkari ekin ondoren, Stanislav Kotxanovski errusiarraren batutak hartu du Biolinerako kontzertua gidatzeko ardura. Kontzertuaren nondik norakoak zehazten hasi baino lehen, esango dut besaulki-patiotik behintzat bazirudiela zuzendariak musikariekin lotura lortua zuela; emanaldi ederra izan zen konexio horren emaitza.

Brahmsen kontzertua, gainera, ez da soilik bakarlariaren luzimendurako idatzitako pieza; orkestrak eta biolinak bat egiten dute guztiz musikaren norabidea marrazteko. Hala ere, izan dira ere solo partea gaitzetsi dutenak, melodiarik ez zuelakoan; Pablo Sarasate birtuosoak, esate baterako, galdetu omen zuen zergatik geratu beharko zuen «han, biolina eskuan, oboeak obra osoko melodia bakarra jotzen zuen bitartean». Melodia argirik ezean, kontzertuak baditu une zirraragarriak, eta horiek gorenera eramateko bi faktore izan ziren funtsezkoenak. Batetik, Khatxatrianen tinbre distiratsu eta goxoa, ñabardurak aske uzteko gaitasuna, urregin fin eta doiaren abileziaz ekoizkina xehetasunez leuntzen duen jarrera; kadentzian zein Adagio-an, gozamena. Bestetik, orkestrak erakutsitako moldagarritasuna: harien energia lehen mugimenduaren irekieran, baita Allegro giocoso-aren bizitasunean, beti oreka ederrean.

Xostakovitxen 6. sinfoniaren hasieratik agerian geratu zen orkestrak Brahmsen kontzertuan aurkeztutako trinkotasunean eta doitasunean sakondu zezakeela. Kontzientzia propioaren eta obedientziaren arteko talkan, Lenini eskainitako sinfonia idatziko zuela adierazi ostean, konpositore errusiarrak planak aldatu eta handitasun nazionalaren arrastorik gabeko obra sortu zuen. Publikoak eta erregimenak ez zuten ondo h artu, noski. Zorionez, ideologiaren zamaz askatuta entzun ditzakegu gaur Largo-aren haize leunak —oboe, klarinete, txirula—, Allegro-aren kontrasteak. Zenbatetan ihes egiten duen musikak ideien kondentsaziotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.