KRITIKA. Antzerkia

Urreak dakarrena

La Zanja antzezlanaren pasarte bat. TITZINA.
Agus Perez.
2018ko martxoaren 15a
00:00
Entzun

'La zanja'

Konpainia: Titzina. Dramaturgia eta zuzendaritza: Diego Lorca, Pako Merino. Soinu eremua eta musika: Jonatan Bernabeu. Argiak: Albert Anglada, Diego Lorca. Jantziak: Nuria Espinach. Antzezleak: Diego Lorca, Pako Merino. Lekua: Eibarko Coliseo antzokia.Eguna: Martxoak 13.

Multinazional baten enkarguz, Latinoamerikara joan da europar ingeniaria, urrea erauzteko lehen prospekzioak hango herrixka batean egitera. Berak badaki zer dakarren urreak berez ezertarako balio ez duen metal horrek, eta herrixkako alkateak ere bai. Ingeniariak benetan sinisten du, edo sinetsi nahi du, urreak lana, dirua, errepide asfaltatuak, hau da, garapena ekarriko diola munduko txoko ahaztu hari; eta alkateak ere ondotxo daki zer ekarriko dion urreak bere lurrari: naturaren suntsipena, uraren kutsadura, jendea gaixotzea.

Mundua mundu denetik urreagatik izandako borroka eternalen beste pasarte bat izan zitekeen honako hau, baina Titzinaren esku finetan dimentsio asko hartu ditu gaiak. Eta, Kataluniako konpainian ohikoa den legez, giza arimaren barrunbeetan murgiltzeko balio izan du aukerak. Ikusle askok bereziki gogoratzen dute haien aurreko lana Distancia, siete segundos, eta beren estiloari fidel izanik, zenbait istorio paralelorekin osatzen da kontakizun nagusia, antzezle biak haien guztien protagonista direla. Gainera, askotarikoak izan dira bitariko paralelismoak, baina denetan bi nagusitu dira: ingeniaria eta alkatearen artekoa, zelan ez, eta Francisco Pizarro eta Atahualpa azken errege inkaren artekoa. Argi dago azken konparazio hori oso aberasgarria izan dela eta benetako esangura eman diola lanari, batez ere Pizarroren beraren testuek eta hitzek bat egin dutenean oraingo meatzari-enpresaren diskurtso eta jokabide ustel eta bortitzekin.

Argumentuak eskatutako egoera guztiei ekiteko, idortasun erabateko paisaia eratu dute, eta leku fisiko asko ingeniariaren hotela, herriko batzarrarena… argi jokoen bidez definitu dira, baina denetan lagungarriena soinu-paisaia izan da, haren bidez, besterik gabe jakin dugulako une bakoitzean non ote geunden. Mikroak ere eroan dituzte aktore biek, ingeniaria etxekoekin telefonoz ari zela irudikatzeko eta alkateak Pizarroren eta Atahualparen artekoak antzezten zituenerako. Ordea, natural hitz egitean kostata ulertu dugu zer esaten zuen Diego Lorcak, haren ahots-proiekzio eskasa zela eta. Era berean, nago zer edo zer falta izan zaiola pertsonaia batzuen barne zein kanpo karakterizazioari. Ni behintzat galduta ibili naiz eszena batzuetan, jakin ezinik hitz egiten zuena ingeniaria, nekazari bat, hoteleko zerbitzaria edo herri-batzarreko edozein ote zen.

Dena den, antzezlanak Titzinaren betiko dentsitate eta maila estetikoari eutsi die. Horren lekuko ingeniariak itsasoz bestaldeko emaztearekin azken uneetan izandako telefono-dei desolatua, argumentuangaratutako hari guztiak maisuki batu dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.