Martin Zalakain
Zuzendaritza eta koreografiak: Juan Antonio Urbeltz. Taula zuzendaritza: Ander Lipus. Dantza taldeak: Argia, Kezka, Haritz, Duguna, Maritzuli, Elai Alai, Arkaitz, Astigar, Gure Kai. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroak 11.Lur santu onetan dago Martin Zalakain lo». Horrela dio Pio Barojaren pertsonaiaren epitafioak, eta amaieran gehitu «Euskal Errien gloriya izateco». Ezaguna denez, Barojak gaztelaniaz idazten zuen —esaldi bakar batzuk euskaraz tartekatuta— eta bere idazkera naturalak gaurko irakurleak ere erakartzen ditu. Bere orrietan gure oroimen kolektiboko Euskal Herri erdi moderno erdi arkaikoa aurkitzen dugu, gaurko arazoetatik libre baina garai bateko jauntxoen meneko. Agian, horregatik da hain preziatua gurean.
Eta hara non Zalakain abenturazalearen istorioa aurkitzen dugun Bilboko Arriagan estreinatua, hara non ikusleek goraino bete duten antzokia, hara non erabateko arrakastatzat jo behar dugun Euskal Herri osoko antzoki handietan errepikatuko den emanaldia.
Kostata jarri diot etiketa proposamen eszeniko honi, eta dudatan egon naiz ea antzerkia ala dantza ote zen, argibideetan ikusi ostean Ander Lipus taula zuzendari ibiliko zela, berak antzeztuko zuela On Pioren pertsonaia—bikain antzeztu ere, ardura handiari ganoraz aurre eginda— eta Harkaitz Cano arduratuko zela moldaketaz eta testuez. Baina eraikuntza artistikoaren gailurrean Juan Antonio Urbeltzen figura zegoen, eta horrek makurtu du dantzaren aldera oreka, Bizkai, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroako bederatzi dantza-talderen ezinbesteko jardunarekin batera, noski.
Seguruenik Urbeltzen karreraren goren-unea izango da estreinaldi hau, eta haren jakituria neurrigabearen zordun dira emanaldi honetako pasarte dantzatu zoragarriak. Haien gainean eraiki da Barojak sortutako heroi herrikoiaren kontakizuna, eta dantzaren bidetik ilustratu, sublimatu eta parafraseatu da eleberrian agertzen dena. Bide horretatik, Martin umea agertu da hasieran, arrantzan bere kasa, gainontzeko guztiak dantzan aritzen ziren bitartean, osaba Tellagorrik bere babespean hartzen duen arte. Jarraian etorritako emakume-segidak Europa ekialdeko dantzatzeko manera ekarri digu gogora, eta emanaldian munduko dantza askorekin erlazionatu da gure folklorea, Urbeltzen ikuspegi jantzia lagun.
Esan bezala, sendotasun osoz irudikatu du Lipusek Pio Barojaren figura eta, taula-zuzendaritzari begira, esangura handiko koadro plastikoak sortu ditu bai hasieran —bere presentzia eszeniko soilarekin idazmahai isolatu haren laguntzaz— bai amaieran, Zalakainen heriotzan izandako eszena sinbolikoan. Kontrako platerean, ordea, dantza ekitaldi gehiegi egon dira nire gusturako. Haietariko batzuk Lantzeko inauteriena kasu Urbeltzen unibertsoaren emaitza garbia dira, baina beste batzuek ez dute justifikazio argirik dramaturgia koherente baten ikuspegitik. Berriz, ordainezin iruditu zaigu Josu Garatek Zalakainen rolean erakutsi duen dotorezia arina, eta tabernako ospakizunean eredugarriak izan dira Urbeltzen gidaritzapean sortutako talde-koreografiak. Amaitzeko, ezin ditugu aipatu gabe utzi jantzien edertasun soila, zuzenean jo duen orkestraren lana eta, beste ezeren gainetik, elementu guztien arteko elkarlan aberasgarria.