Hiri bat, hiri bat ur gainean. Hiri akuatikoa, urak hartutako hiria, hondoratutakoa, turistaz gainezkatutako hiria, hori omen da Venezia. Diotenez, erakarpen magnetikoa, ia mistikoa, sortzen du kanpotik joandakoengan, denbora kondentsatzen duten eraikin eta ubide aldakorrek eraginda. Indar ikusezin horrek gidatuta bidaiatu zuen Joseph Brodsky idazleak Venetoko hiriburura hamazazpi urtez jarraian, neguan beti, turistak desagertu eta lanbroaren fantasmagoriak azaleratzen diren garaian. Bisitaldi horietan erasan zuten zirrara eta garatzen joan zen gogoetekin osatu zuen Ur-marka liburua, duela zenbait hilabete Katakrak argitaletxean euskarara ekarria.
Gizakiak egindako maisulanik handientzat jotzen zuen idazleak Venezia, 32 urte zituenean lehen aldiz zapaldu zuenetik liluratu baitzuen hiriak. Alabaina, postaletik gutxi du ondu zuen saiakera honek, ez baita iluntze gogoangarririk, nahi eta nahi ez argazkiratu beharreko lekurik, ez eta datu historiko esanguratsurik ere. Hirian zehar egindako ibilbideetan, bidaiariaren bizipenetan edota gizarte industrialaren ondorioz jasaten dituen eraldaketetan baino, beste zerbaitetan jartzen du arreta Nobel saridunak. Hots, hiriaren alderdi fisikoa bazter utzi, eta haren atmosferan biltzen dira idazlearen gogoetak, kasik aipuak, lipar batez sentitutako inspirazio kolpeak balira bezala. Horrek egiten du berezi liburu hau, finean ez baita Veneziari buruzko saiakera bat, baizik eta Veneziak posible egiten duen lan bat. Hala, atal batetik besterako jauzi ia hautemanezinetan agertzen dira hiriaren giroak biltzen dituen hainbat gai: denboraren iragatea eta haren materializazioa, desioa eta edertasuna, turismoa eta aristokrazia zaharra, bizitza eta heriotza.
Baina badira ororen gainetik gailentzen diren bi gogoetagai, elementu, metafora errepikakor. Lehena begiradarena da, Angel Errok hitzatzean esaten duenez, «begiaren poetika» baitarabil Brodskyk. Idazlearen aburuz, Italiako hiriak badu zerbait bidaiaria begia lehenestera bultzatzen duena gorputzeko beste ezein organoren aurretik. Edertasuna nagusitzen den hirian, begiak hura bilatzen du, segurtasuna eta kontsolamendua bilatuz, eta, hala, autonomo bilakatzen da, bidaiariaren gorputz osoa ekintza horretara bideratuz. Hala idazten du Brodskyk ere, begia lumaren aurretik jarriz, konbentzio literarioei baino senari jarraikiz, hizkera poetiko sendo baina ez estetizistaz. Eta hala sortzen ditu irudi eder eta bakanak, irakurleari kutsatzen diotenak idazleak Veneziari dion miresmena.
Bigarrena ura eta denbora lotzen dituen hausnarketa haria da. Brodskyren aburuz, ura denboraren irudia da, eta, honenbestez, Venezia da harreman horren hezurmamitzea gauzatzen den leku berezi bat. Gogoeta sakon horiek, ordea, kontaera argigarri eta freskoaren bidez azaltzen ditu idazleak, sarri pasarte samur bezain ederrak utziaz. Esaterako, aipatzen duenean Gabon zahar gaueko hamabietan uraren ondoan egoten saiatzen dela beti, «ahal dela itsaso edo ozeano baten ondoan, bertatik denbora zati berri bat, denboraz beteriko katilu berri bat nola sortzen den ikusteko». Euskaraz gozatzeko lan interesgarri bat, dudarik gabe, oharkabean pasatutako itzulpen eta gramatika nahaste gutxi batzuk gorabehera, Rikardo Arregik lan txukuna eginez itzuli duena.
'Ur-marka'
Urari so
Idazlea: Joseph Brodsky. Itzultzailea: Rikardo Arregi Diaz de Heredia. Argitaletxea: Katakrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu