Egilea: Joxe Azurmendi.
Argitaldaria: Txalaparta.
Joseba Sarrionandiak Joxe Azurmendiri egin dion hitzaurrean ongi dioen bezala, «Unamunoren Paz en la guerra liburua […] nobela on bat», «testimoniala eta zer pentsatu ematen duena da, errealista eta lirikoa»; «nobela historikoa da»; «nobela politikoa ere bada». Baina hori guztiori baino gehiago ere bai: «Unamunok nobela horretan espainiar nazionalismoaren filosofia bat esplikatu nahi izan zuen», eta horren harira, «Paz en la guerra euskal herri zaharraren akaberaren filosofia da. Eta Espainiaren eraikuntzaren filosofia ere bai».
Ez dakit adin batetik beheragoko euskaldun/euskaltzale/abertzaleok, baina adin batetik goragokook iltzaturik dugu gure burmuin eta bihotzean Unamuno. Kontrakar bizian, hori bai, gutako baitan. Egia erratera, aitortu behar dut liluraturik ibili nintzela gaztetan Unamunoren izpiritu kritikoaren pean, haren bitalismo tragikoaren pean, kontrakarrean dabiltzan poloen arteko borrokatik sortzen den bizigarritasuna fabulatzeko haren ahalmenaren pean, jakin gabe artean euskarari egin nahi zizkion gorazarrezko hiletez. Alta, laster hasi nintzen Unamunorengandik aldentzen, ez preseski euskaldunoi oparitu nahi zigun etorkizunagatik —horren ezjakinean ni jarraikiz—, baizik eta gehienbat haren estilo literario erretorikoarengatik, hanka bat oraindik ere XIX. mendean zuelakoan, nahiz eta XX.ean bertzea eduki eta espresio-iraultza garrantzizko baten bultzatzaile izan 98ko belaunaldikoekin batera. Baina, hauen artean, laster makurtu nintzen gusturago bertze batzuengana, hala nola Baroja, Valle Inclan, Antonio Machado, are Azorinengana ere.
Azurmendiren arabera, euskaldunon giroan, hiru berreskurapen fase eta bide suertatu zaizkio Unamunori gerra ostetik hona. Gerra ostean «Unamuno kondenatuta dago berak salbatu nahi zuen Espainia horretan». Halarik ere, gero, «lehen fase batean, Unamuno benetako katolizismorako errekuperatu da: katolizismo ofizialaren (frankistaren) aurka». «Bigarren berreskurapena Unamuno euskaldun jatorrarena izan da», zirenak zirelakoak euskarari buruzko haren ideiak, Salbatore Mitxelenak erran zuen zentzuan: «Bere burua euskaldun peto eta abertzaletzat daukaten asko baino euskaldun jatorragoa» da Unamuno, azal azpitik haren sakonean, haren «ezinegona, kontentagaitza […], menderakaitza, bizi naia […], kontragite edo antagonia […], euskal mina ta arrandia» kontuan harturik, noiz eta, Azurmendiren hitzetan orain, «azken mende eta erdiko euskal historia tragikoaren espresioa» haragiturik ikusi nahi eta behar zenean intelektualen batengan. Eta «hirugarren Unamuno berreskuratua kritikoa da, egiatia, mito eta uste onen apurtzailea, are ezkertiarra»: frankismo amaieran sortu zen abertzaletasun ezkertiar berrian, erreferente intelektual sendo bat izan zen Unamuno, Joxe Azurmendi berau isla.
Zegamarrak ohi duen baino euskara estandarrago batean eskaini digu ikerketa labur baina argigarri hau. Hasiera-hasieratik, filosofiaz blaiturik dagoen nobelatik abiaturik, hiru ohartxotan diosku bere hausnarketaren funtsa: a) egiaztapen bat: «Unamunok XIX. mendeko ikuspegiarekin ikusi du eta (b)aztertu du euskal arazoa»; b) objekzio bat: «XIX. mendeko filosofia hura […] gainditu dutenetan, inportanteenetako bat Unamuno bera izan da: baina berak ez dio aplikatu […] filosofia berria euskal arazoari»; baina/eta c) ondorio gisako bat: «hori egin duena —eta Unamunorekin berarekin hein batean— gerraondoko euskal pentsamendua izan da».
Unamuno, beti kontraerranetan: haren despit, asko zor diote euskal naziogintzaren aldeko asmoek.
Literatura. 'BAKEA GUDAN. UNAMUNO, HISTORIA ETA KARLISMOA'
Unamunoren beraren despit
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu