Kangaroo du izena Martin Etxeberriaren azken poesia liburuak, eta izenburu ezohikoaren azalpenarekin hasten da liburua. Pasarte labur batean kontatzen da Britaniako Inperioa Australiako badiara iritsi eta lurra bere egiterakoan nola hizkuntzaren bidez kolonizatu zituzten halaber bertakoak. Jatorrizko biztanleekin izandako elkarrizketa posible batekin irudikatzen da pasadizoa. Bi hankatan jauzi egiten zuen animalia ikusi eta nola deitzen ote zen galdetu zuten konkistatzaileek. Bertakoek erantzun: kan ghu ru, alegia, «ez dizut ulertzen». Gaizki ulertu horren karietara bataiatu omen zen animalia. Ideia horren bidez, ulertzen ez diren gauzak onartzeko deia egiten du idazleak, poesiaren zentzu guztiak ez ulertzeko baimena ematen dio irakurleari. Hots, ez saiatzeko deszifratzen, eta sentiarazten dionarekin geratzeko. Alabaina, ideia hori kolonialismoa azaltzeko erabili ohi den anekdota edo irudiarekin agerraraztea arraro xamar geratzen da, bereziki, liburuan zehar ez dagoelako apenas bestelako loturarik izenburuarekin, ez kontakizun horrekin.
Aurreko liburuen bidetik, Etxeberria ezaugarritzen duten zenbait elementu errepikatzen dira poema bilduma honetan ere. Esaterako, erreferentzia literarioek betetzen dituzte poemetako asko, testuartekotasun nahia azalduz, izan espazio edo pertsonaia konpartituen bidez (Genesia, Comalara itzulera), izan aipamen zuzenen bidez (Sansón Carrascori gutuna, Ikaroren bagina edo Bilbo-Berlin-Venus poemako Raymond Carverren berrirakurketa). Testuartekotasunak on egiten die poemei, idazlearen erreferente kuttunak adierazteaz gain, irakurleari egiazko heldulekuak eskaintzen baitizkio, intelektualismo hutsean geratu gabe.
Horrez gain, sexualitateak pisu nabarmena du, aurretik idatzitako Winston (2018) liburuan bezalaxe. Larru jotzeak deskribatzerakoan, iruditeria zehatz batera jotzen du idazleak, tabakoz, whiskiz eta ezpainetako gorriz inguratutako eszenak baitira, elkar maite ez duten maitaleen amorruz, eta horien bidez malenkonia edo abaildura irudikatzen dira. Ildo horretan, metafora higatu samarrak gertatzen dira sexu-eszenei dagozkien zenbait («ezpainen lubakietan / babestu ginen»). Bestalde, sexuari egindako erreferentzia ugari erabiltzen dira bestelako gaiak lantzeko: heriotza, ihes egiteko nahia edo norbere itzalen onarpena, kasu. Adibidez, zoriontasun labainkorraren atzetik dabiltzanei buruz mintzo da, «makillaje gehiegi duten / stripper merkeen antzera», edota «herdoildutako alua» duen mundua aurkezten du «ipuin berriak /asmatzeko garaia» dela azaltzeko. Gorputzak presentzia handia du poemetan, beraz, bereziki emakume gisa irakurtzen diren gorputzak agertzen direlarik, eta batik bat genitalen bidez edo sexualitatearekin erlazionatutako elementuen bidez adierazten dira.
Hala ere, oroitzapenei heltzen dieten poemak nabarmentzen dira liburuan (Inurri hegaldunak, Udako goiz haiek). Izan ere, kasu horietan idazkera narratiboak zertaz ari den zehazten laguntzen dio idazleari, eta horrelakoetan, irudi ederrak sortzen ditu. Alabaina, gainerakoetan, gehienek kutsu ilun bat dute, batez ere lehenbizikoetan, eta anbiguotasun lanbrotsu bat, ulerkera zailtzen diena. Hasieratik ematen du abisua Etxeberriak, ulergaitza besarkatzekoa, baina besarkatu ondoren harekin zer egin, ez da argi geratzen poema ugaritan.
'Kangaroo'
Ulergaitzarekin zer egin
Idazlea: Martin Etxeberria. Argitaletxea: Elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu