Kritika. Artea

Ukitu eta muntatu!

Mikel Onandia Garate.
2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
'Ez ukitu, arren' kolektiboa eta 'Feria' (Iñaki Larrinbe)

Lekua: Artium. Gasteiz. Noiz arte: irailaren 1a arte.

Zergatik ezin dezaket ukitu eta gozatu, eskuekin sentitu, Oteizaren harri leuneko pieza eder bat?». «Aretoak inposatutako isiltasun monastikoaren ordez, pintura erakusketetan Erik Satie-ren piano piezak jarriko nituzke bozgorailuetatik». «Gorroto dut Guggenheimeko zaindariek argazkiak ez ateratzearekin duten jarrera tematia; nik Kapoor-en instalazio hau erretratatu gura dut!». «Komisario eta museoei arte garaikidearen hurbiltasuna eta pedagogia etengabe eskatzen ari natzaionak, zergatik hainbeste kezka, benetako interesik ez duenari museora hurbiltzera animatzeko horrenbeste saiakera? Popatik publiko orokorra!». Halakoak eta beste, hainbat erakusketatan bururatutakoak gogoratu dizkidate ostera ere Artiumeko azken proposamenek.

Bereiziak eta ezberdinak izan arren, espiritu meta-artistiko bereko erakusketak ditugu, alegia, ironia eta freskotasun nabarmenaz instituzio kulturalen kontrolgailu eta arau ezberdinak esploratuz, haiek ezbaian jarri eta publiko legez sarritan izaten ditugun beldurrak gainditzeko asmoarekin, museoen funtzio eta idiosinkrasia, eta kulturaren ikuskizun kontzepzioaren gaineko jarrera kritikoa bultzatu eta bermatu nahi dute biek ala biek. Mostra autoerreflexiboak ditugu, inplikazio ugarirekin, eta puntu ganberro batekin museoen zerizanaz itauntzen dute.

Ez ukitu, arren erakusketaren abiapuntua Artiumek ateak zabaldu zituenetik publikoaren inguruan erregistratutako gertakari ezberdinak dira. Jendeak museoaren eta bertako proposamen artistikoen —eta ez artistikoen— aurrean agertu jarreren aniztasuna da ikerketa objektu eta inspirazio iturri, eta horren gainean lankidetzan antolatu du komisario eta artista talde batek, museoaren beraren material, pertsonalaren testigantza eta berariaz prestatu proposamen artistikoen bidez.

Eskultura publikoek pairatzen dituzten graffitiak, aretoetako zaintzaileen lan eta funtzioak, lurreko marra edo sokak zein nonahiko kamera zelatariak, artelanen jabetzaren gaineko auziak eta haien aurrean mantendu beharreko distantzia zentzuzkoak, museoaren autoritateak inposatzen duen begiratzeko moduak eta zalantza barik onartzen ditugun erritualak eta artelanekiko arbuio eta biolentzia dira instalazio, pintura eta bideoen gai nagusiak.

Bere aldetik, Iñaki Larrinberen (Gasteiz, 1967) Feria (Azoka) erakusketan museoa zirkuaren eta jolas parkearen artean mugitzen den ikuskizun gune bihurtu da. Muturrera daramatza, satirizatuz, turismo kulturala deritzonaren ezaugarri nagusiak, errentagarritasuna bisitari kopuruaren arabera neurtzen dituzten instituzioak salatuz. Artea janari azkarra balitz bezala kontsumitzearen adibide sarkastikoak dira erakusketako artelanen bertsioak saltzen dituen Expotronik makina automatikoa, arte katalogoez osatutako tunela, Artiumen itxurako puzgarri pneumatikoa, bisitariak jo ditzakeen artista gasteiztarrek diseinatu boxeo zakuak, kirola egin bitartean Miro eta Sauraren grabatuekin gozatzeko bizikleta estatikoak, argazki ederrena ateratzeko gune egokiena seinalatzen duten txartelak, zein barrenera sartzeko aukera ematen duen karabana kulturala. Alta, Larrinbe ez da enfant terrible bat, eta mugagabekoa dirudienak ere baditu bere mugak, noski; izan ere, krispetaz betetako igerilekuak, kasu, proposamen artistiko benetan iraultzailea lirudike Ez ukitu, arren erakusketan ezbaian jartzen diren ohar eta txartel argitzaile eta debekatzaile ugariz beteta egongo ez balitz.

Azken urteotan kulturaren eta turismoaren arteko erlazioak ikertzen jardun duen Larrinbek irauli egiten du museoetan tradizionalki agertzen zaizkigun piezak. Aldi berean, museoez gain, publiko legez gure jarrerez galdetzera garamatza, gure ohitura eta sinesteak zalantzan jartzera. «Nola eta zertara noa ni museo batera?» Proposamen parte-hartzailea dugu, itxuraz berritzailea. Baina posible genuke Larrinberen planteamenduari ere buelta bat gehiago eman eta egun arte garaikidearen zentroetan etengabe errepikatu eta Artiumen sarri aldarrikatzen den publikoaren jarrera aktiboa eskatzen duten erakusketen bertsio hutsal eta funts sendorik gabeko ugarien artean bat gehiago izatea egoztea.

Hausnarketa eta harridura funtzioez gain, eta interbentzio estetiko intereseko batzuen salbuespenarekin, artistikoki bereziki erakusketa erakargarriak ez izan arren — hainbat sortzailek parte hartu dute antolakuntzan eta hainbat artelan erakusten dira—, egiaz proposamen iradokitzaile eta inspiratzaileak ditugu. Alde horretatik, azpimarratzekoa da aurrekontu xahutua duen museoak begirada autokritikoa bere barrenera eta publikoarekin duen harremanera zuzentzea. Hala, hain justu agerian utzi eta defendatu nahi dituen instituzio kulturalen gaitasun kritiko eta gogoetatsua betetzen ditu Artiumek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.