KRITIKA. Artea

Ukipen sotilak

Mikel Onandia Garate.
2015eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun

Nicolas Lekuona

Non: Michel Mejuto galeria. Bilbo. Noiz arte: Ekainaren 13 arte.

Abangoardia kulturalaren eta kultura popularraren artean, Nicolas Lekuona (Ordizia, 1913—Fruiz, 1937) euskal surrealismoaren —zentzu hertsian halakoez hitz egin badaiteke— adierazle nagusia da. Denbora luzean erdi ezkutuan egon ostean, 80ko hamarkadan Adelina Moyak berraurkitu, eta, familiak eskatuta, soilik erakunde publikoei saldu zitzaien haren lana, 2008an Michel Mejuto galeriak lehen aldiz obra batzuk merkatuan jarri arte. Bigarren txanda dago Bilbon ikusgai —osatuagoa eta artistaren alderdi ezberdinen sintesi esanguratsua—, haren lan txundigarrian sakontzeko parada egokia.

Guztira, 69 pieza bildu dira hiru egoitzatan, bata bestearen ondoren —Madrilgo Guillermo de Osma galerian lehenik, Michel Mejuto galerian orain, eta Bartzelonako Marc Domenech galerian udan—, Lekuonaren obra estatuko bildumazaleen artean zabaldu guran, Iparraldean den interesa ere kontuan izanik.

Donostian ikasi eta erakusketa batzuetan parte hartuta, 1932an Madrilera abiatu zen Lekuona, Aparejadoreen Eskolan hiru urte emateko. Vallecaseko Eskolaren eragina jaso zuen han, eta, besteak beste, Pombo kafeko tertulian parte hartu zuen, Europako mugimendu apurtzaileenak ezagutuz. 1935ean Donostiara itzulita, sortzen jarraitu zuen Florentino Mokoroarekin lan egiten zuen bitartean, 1937an Bizkaian gerrak hil zuen arte, 24 urte besterik ez zuela.

Formazio eta interes eklektikoko artista izanik—publizitate, argazkilaritza, arkitektura, pintura, poesia eta zinematik edan zuen—, denboran labur bezain askotarikoa den produkzio artistikoa landu zuen Lekuonak, esperimentazio etengabearen fruitu. Bisitariari Rodtxenko, Tanguy, Dali, Man Ray, Le Corbusier datozkio burura, hain baita sailkatzen zaila haren lana: salgai egonik pieza bakoitza indibiduala bada ere, oro har, argazki, pintura, collage eta zirriborroek pentsamendu ildo eta proiektu ireki eta askotarikoetan ibilitako sortzaile nekaezin bat dela antzematen da erakusketan. Artelanak sortzea baino gehiago, artea etengabeko jario gisa, bizitzan egoteko modu legez ulertzen baitzuen Lekuonak.

Artistaren anai-arreba txikiak aurki daitezke argazkietan, baita adiskideak ere, tartean Oteiza, eta Joaquin Gurrutxaga poeta Cocteau irakurtzen. Irudi formalista eta onirikoagoak ere bai. Imajina zinez dinamikoak dira, bai tematikoki —kirolariak, automobilak, belaontziak—, bai formalki —marra eta forma bihurturiko berna, beso, baranda, eskailera eta zuhaitzek osatu konposizio erritmikoak, eskortzo, lehen plano ebaki eta itzalez josiak, tentsio agerikokoak sarri—, surrealismoarekin bat lotura bako imajinak konbinatuz, irudi berri eraginkorrak sortzeko.

Sekuentzia fotografikoen, etxebizitzen plano eta altxaera arkitektonikoen —Bauhaus hutsa—, ehundurekiko kezkaren —felpazko toallak— eta abstrakzio geometrikoen artean, ez da falta identitate pertsonalari buruzko gogoeta: maskarak eta autorretratuak subjektuen eraikuntzarako eta autoezagutzarako jardun gisa uler daitezke. Beti detaile plastiko fin eta enigmatikoekin. Hala, Adelina Moyak «ukipen sotilak» deiturikoak —apenas ukitzen diren hatzak, Michelangeloren Adamen kreazioa-n inspiraturik— igar daitezke lan batzuetan; takoidun emakumezko zangoaren eta atezainaren oinaren artean, kasurako, eszenaren arintasuna areagotzen duena. Dena, eskulan original eta argazki vintage-en xarma bereziarekin, zeina zuzenean baino ez den antzematen.

Pintura lanetan figura biomorfoak gailentzen dira, batzuetan de chiricotar espazio metafisikoetan, atmosfera telurikoagoetan besteetan, maniki dantzari fantasmagorikoak bailiran; usu, kromatismo aberats baina itzalian gorrixka eta laranja indartsuak gailentzen dira. Fotomuntatzeak txiki bezain liluragarriak dira: bikaina da ordularia helburu duten futbolarien konposizioa, baita emakume baten burua zeharkatzen duen panpinari endekatu autopotreta ere, puntu neorromantikoduna, tragikoa oso.

Ez dira atzean gelditzen fotocollageak: industrializazioarekiko liluraren etsenplu, baliabide minimoekin gauzatu ariketa ezin hobea da garabi eta zamaketarien eszena, edo hari bihurri batetik eskapatu gura duen atleta, esku epifaniko batek eutsi burezur eta guzti —memento mori—. Katalogoan Ismael Manterolak adierazi bezala, gauzen jatorria interesatzeaz gainera, ez da harritzekoa izkin egin ezin zaion bukaerarekiko, heriotzarekiko erakarmena —arteak eskaintzen duen transzendentzia salbuetsita—.

Lekuonaren gaztetasunagatik, atentzioa ematen du lan egiteko gaitasun handiak eta produkzio oparoak, baina, batez ere, haren unibertso bisualaren karga poetiko berdingabeak, desiragarria eta beldurgarria nahasten dituen egonezin existentziala abordatzeko formarekiko sentsibilitate delikatu eta jenialak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.