'bEZPERAN'
Bilaka kolektiboaren Bezperan dantza lanak Baionako antzokia bost egunez bete ostean, Barakaldo antzokian ikusteko parada izan dugu, besaulki patioa ondo beteta zegoela. Bilakaren aurreko lana Gernika deitu zen, eta haren kalitate maila ikusita, aspaldi gorde genuen data oraingo sorkuntzaz gozatzeko. Aurreikuspenak ezin hobeak ziren –zortzi dantzari eta lau musikari taula gainean, Martin Harriague koreografoa kanpo begiradan, Daniel San Pedro taula zuzendaritzan...– eta emaitza eszenikoa arrakasta handitzat jo dezakegu.
Dena hasi da erabateko isiltasunean, behe-lainoen artean, ilunak eta baretasunak inguratuta. Eta artile arteko erdiko multzotik hasi dira dantzariak jaiotzen, neguko kale arropa arrunta jantzita —berokiak, bufandak…— eta kantu erritual moduko bat aho itxiz abesten. Hasierako murmurio horretatik jario dira emeki-emeki euskarazko hitzak, eta haien artean ulertu dugu erleei hitz egiten zietela, esanez negua hilik zegoela eta lasai egoteko, eztia egiten jarrai zezaten.
San Pedrok berak bere intentzio-oharrean dioenez, «Euskal Herrian jainkoak ez daude zeruan, lurpean baizik», eta ideia horri segika «gau luze eta egun hotzak» atzean utzi eta neguaren hileta zeremonia subliminalean aurkitu gara, neska dantzarietako batek harengatik egiten zuela negar eta «negua itzuliko da, agian…» entzuten genuelarik. Hunkigarria, zinez, zer esatea nahi duzue.
Hortik zuzenean igaro gara makil-dantzaren pasartera, zalantzarik gabe emanaldiko atal indartsuena izan dena eta Ama Lurra kolpeka esnatzea bilatu duena. Orduan hasi da garbien azaltzen Bilakaren estilo definigaitza, euskal dantza tradizionala beste eremu batera eramaten duena, ikusleak ia konturatu gabe aurkitzen direlako betiko dantzen hiztegian baina beste testu koreografiko batzuetan. Haietan, euskal dantza, bere iturriei uko egin gabe, eremu garaikideagoetan aurkitzen da, bere oinarrizko arauetan bermatuta baina haietatik libre aldi berean.
Artile multzo handiak, oihaneko orro eta ahots ilunak, biziaren esnatze geldoaren irudikapena eta dantzari gehienen itxura neutroa —gona zuriekin jantzita eta enborra ustezko biluztasunean utzita— izan dira hortik aurrerako elementuak, eta haiekin batera lau musikarien jardun inspiratua, biolina, gitarra, txalaparta, perkusioak eta lautea lagun. Gero etorri dira beste euskal dantza eraldatu batzuk, eta apoteosia zinta-dantzaren eboluzioekin etorri da, dantzariak eztanda kolektibo eta kontrolagaitz batean murgilduta.
Aurkezpen liburuxkan irakurri dut Nijinskiren Udaberriaren sagaratze-ko energia bera oroitarazten duela oraingo gorpuztasunak, eta ados nago. Izan ere, udaberriaren omenez sakrifizioan eskainitako neska gaztearen irudia eman digute amaierako eszenan. Txaloen orduan, eta ikusleak zutik, hirutan irten dira artistak agurtzera, eta harrigarriena, dantzan segitu dute oihala jaitsi ostean, ospakizun betean ikusleok irteten ginen bitartean.