KRITIKA. Antzerkia

Txorien intimitatea

Agus Perez.
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun

'Batetik bestera'

Konpainia: Benetan Be. Testua eta zuzendaritza artistikoa: Patricia Urrutia. Zuzendaritza: Elena Olivieri. Musika: Asier Ituarte. Eszenografia eta jantziak: Amaia Garate Olano. Txotxongiloak: Maia Skovush. Argiak: Edu Berja. Jantziak: Nati Ortiz de Zarate. Antzezleak: Juanjo Otero, Patricia Urrutia, Jon Zumelaga. Lekua: Durangoko San Agustin kulturgunea. Eguna: Urriak 30. 27.

Batetik bestera doaz hegaztiak, eta ideia horrekin bataiatu du Benetan Be konpainiak bere azken sorkuntza, oraingo honetan umeentzat bereziki egina dena, helduok harekin asko gozatu dugun arren.

Txoriei eta hegaztiei begira egotea gustatzen zaigu gizakioi, eta batzuk hezeguneetara joan ohi dira prismatikoak hartuta, haiek direlako hegaztien migrazioetarako atseden gune garrantzitsuak. Horrela agertu zaizkigu antzezlan honetako hiru giza protagonistak, prismatiko pare banarekin haietariko bakoitza eta kanabera batzuen artean ezkutaturik.

Benetako protagonistak, ordea, hegaztiak izan dira, eta haietan ubarroia eta arrano arrantzalea izan dira nagusiak, halako batean hegan ez dakien mozolo-txita bat agertu den arte. Ikusleen gozamenerako, beste hegazti batzuk ere agertu dira —kaioak, mokozabala…— eta bereziki kaioen txotxongiloekin izandako eszenak benetan dibertigarriak suertatu dira euren ahotsak giza hizkerara egokitzeko eragatik eta esaten zutenari zerion satira finagatik.

Eszenaratzeari dagokionez, kanaberadi txikia albo batean, arroka batzuk erdigunean eta kaioen agertokia ezkerrean, horiek izan dira elementu bakarrak baina nahikoak eta ondo definituak. Haiekin batera, argien diseinu landuak asko egin du koadroak girotzeko eta eszena batzuk dramatismoz, misterioz eta, kasuan kasu, umorez janzteko. Jantzien diseinua eta soinu-girotzea ere bide beretik joan dira, eta kanta batzuekin alaitu da noizean behin kontakizun beti baikorra.

Hala ere, orain arte esandako guztia umeentzako edozein obratan aurkitu dezakegu, baina oraingo honetan badago zerbait, desberdin egiten duena. Zer ote da, ordea? Agian, umeen munduan konplexurik gabe eta moralismorik gabe sartu izana, freskotasun osoz, ez ustezko freskotasun artifizial baten bidez. Agian, hain agerikoa izatea hegazti haien atzean benetako pertsona helduak zeudela, euren artean jolasten eta ederto pasatzen umezaroan bezala jolas inuzente haiekin, non gura genituen jakiak eta gauzak ez ziren errealitatean existitu behar, geure irudimenean baizik.

Eta seguruenik, bere pisu positiboa ere eduki du argumentu zehatzik ez izateak, eta gauza batetik bestera nahieran ibiltzea, ume-jolasetan bezala, orain hau gustatzen zaigulako eta orain beste gauza bat, kontakizun arautu baten kateei lotuta egon barik. Eta seguruenik ere, funtsezkoa izan da hegaztien izaeran —euren nahi eta balizko kezketan— hain ondo eta lotsagabe sartu izana. Ez da erraza, gero, kontu horietan asmatzea eta tonu horri emanaldian zehar eustea, baina lortu egin dute eta aretoa betetzen zuten umeek eta gurasoek bihotzez eskertu dute proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.