KRITIKA. Artea

Tximeleta hankartean

2015eko urriaren 27a
00:00
Entzun

'Why not Judy Chicago?'

Non: Bilboko Azkuna zentroan.Noiz arte: Urtarrilaren 10era arte.

Lehenik eta behin Guerrilla Girls izan zen 2013an, eta bi urteren ostean Judy Chicago etorri da Why not Judy Chicago? banakako erakusketarekin. Badirudi Montehermoso izan zenaren ur zipriztinak Bilbon jausten ari direla Xabier Arakistain komisarioaren eskutik, eta Azkuna zentroko aretoak arte feministako uraz bustitzen ari direla pixkanaka-pixkanaka. Ur horien azken tantak Chicagoren azken 50 urteetako lana biltzen du. Europan, artista esanguratsu horren inguruan egin den erakusketarik garrantzitsuenaren aurrean gaude, eta hori bada erakusketa aintzat hartzeko adina arrazoi.

Betiko arazoaren inguruan bildu gara ostera, eta, nahiz eta horrekin nazkaturik egon, inpotentzia eta desesperazioaren nahaspila maiz sentituz, betiko arazo hori bera da erakusketak, modu batez edo bestez, Judy Chicagoren lanaren bidez azaleratzen duena: artean emakumeok jasan dugun -eta oraindik ere jasaten dugun- errekonozimendu falta, zeina, gainera, arte feministaren kasuan areagotu egin ohi den. Ziur aski, Judy Chicagok oso ongi ulertuko luke zertaz mintzo naizen, erakusketa beraren izenburuak ere arazo berari egiten baitio aipua: zergatik ez dute arte instituzio hegemonikoek artearen historian hain garrantzitsua izan den artista horren ekarpenaren onarpen instituzionala gauzatu? Gutxiespen edo arbuio horiek, ordea, ez dute kikildu Chicago, eta, feminismoarekiko militantzia ardatz harturik, eta artista izateko nahiak bultzaturik, gauzak aldatzen saiatzeko ametsarekin aurrera jarraitu zuen; eta erakusketan, etenik gabeko militantzia hori, etenik gabeko borroka hori argi islatzen da. Dena den, borroka egun ez da amaitu.

Erakusketan sartuta, ordea, ikusgai dauden lehen artelanetan hori ez dago begien bistan, formalki oso lan minimalistak baitira. Hala ere, txanponari buelta ematen zaion moduan, aretoko hormaren beste aldera pasatu ostean, artistak idatzitako zenbait ohar irakurtzen hasi eta loturek begien bistan agertzeari ekiten diote. Forma femeninoen ikerketan eta bilaketan jardun zuen Chicagok hasieratik, eta, bilaketa horretan, forma zentrokide eta borobilduak definitu zituen lehenik, eta, ondoren, minimalismo puruenetik urrundu eta forma antropomorfoetara hurbildu. Horrela, flotagailuak lore bihurtu ziren, eta loreak tximeleta, emakumeen bulbaren irudi, sistema patriarkalaren aurka borrokatzeko Chicagok erabili zituen baliabide, pertsonala politikoa dela aldarrikatuz beste behin ere.

Bulbaren irudikapen horiek berak dira Chicagoren lan esanguratsuenean biltzen direnak, hain zuzen. Dinner party-n tximeletak eta loreak platerez jabetu dira, eta horiek, historian ahanzturan geldituriko zenbait emakumeren metafora bilakatu, haiek ere, gainontzeko emakumeon gisara, bai baitzuten tximeleta hankartean: Leonor Akitaniakoa, Caroline Herschel, Sacajawea, Elizabeth Backwell... Guztira, 39. Ez ditzagun ahaztu geuk orain; ez eta gutxietsi orain arte emakumeen lantzat jotzeagatik artearen historian bigarren mailara azpiratuak izan diren hainbat diziplina ere, hala nola zeramikagintza eta ehungintza; biak ala biak Chicagoren lan honen bidez lehenengo mailan berrezarriak—bereziki ehungintza, beste zenbait proiektuetan ere erabili izan baitzuen ostera—. Tamalez, erakusketan ez dago instalazioa bera ikusteko aukerarik, nahiz eta badiren hura osoki ulertzeko behar adina elementu; besteak beste, dokumentazio zabalari esker. Baina faksimileen erabilera kasu honetan lagungarria izan arren, erakusketan zehar, agian erreprodukzioen gehiegizko presentzia suma daiteke, nolabaiteko horror vacui-ak bultzaturikoa, aretoko horma guztiak betetzeko nahiak eragindakoa.

Hala ere, xehetasun hori alde batera utzita, ezin uka dezakegu modu honetako proiektuen ekimenen garrantzia eta beharra; izan ere, emakumeon ikusgarritasunaren eta errekonozimendu faltaren arazoak gaur egungoa izaten jarraitzen baitu, eta tamalez, gainera, artearen mundutik harantzago zabaltzen da. Bilbo, itoiz urez eta zipriztinez bustitzen ari da, baina tantak, agian, bakanegiak dira oraindik ere. Lehorte handiak pairatu ditugu emakumeok historian zehar, eta orain, oasi txikiak irteten hasi direla eta, ez da lasaitzeko aitzakia; erakusketa honen moduko ekimenak aurrerapausoak izan arren, ezin baitezakegu ahaztu Chicagok Europan aurrez tamaina honetako erakusketarik egin ez izatea eta instituzio hegemonikoek honelako proiekturik aurrera ez eramatea borroka amaitu ez den sintomak besterik ez direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.