KRITIKA. Antzerkia

Txikian handi

Agus Perez.
2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun

'Antzerki arina'

Antzezlanak:Deus ex Twingoeta Zuri. Lekua: Bilboko Pabiloi 6. Eguna: Apirilak 17.

Bere bederatzigarren ediziotik doaz Bilboko Pabilioi 6k urtero antolatzen duen Antzerki arina izeneko jardunaldiak. Iraupen laburreko piezek osatzen dute egitaraua, eta aurten programatu diren hamasei lanetatik bost eman dira euskaraz: Gaizki, Zorionak (esan hemen zure izena)!, Zuri, Deus ex Twingo eta Haripiloak. Lanen zuzendariak edo egileak Joserra Fachado, Imanol Ituño, Saioa Iribarren, Mikel Fernandino eta Oier Guillan izan dira hurrenez hurren, eta igande arratsaldean lanetariko bi ikusi ditugu.

Mikel Fernandinoren Deus ex Twingo izan da egitarauan etorri den lehena, eta Maitasunaren komenientziak dakar azpititulutzat. Aurrera jarraitu baino lehen, esan beharra dago Fernandinoren gidoia irabazlea izan zela iaz Cafe Bar Bilbaok antolatzen duen gidoi laburren sarietan, ex aequo Bertol Arrieta Kortajarenaren Zure sotoko ardoa-rekin batera. Taula gainean Aiora Sedano eta Aitor Fernandino egon dira, beren ofizioaren jabe, elkarlan gozoan eta bakoitzak bere pertsonaiari behar zituen ezaugarriak emanez.

Izan ere, egileak bikote berezi samarra sortu du Artxandan izandako gau-zita ustez erromantikorako. Hortik tiraka, gizon herabe eta ia patetikoa eta estralurtarrengan sinesten duen emakume grisa izan dira komedia arin baina ondo eraikiaren protagonistak, eta antzezle bien ofizioari esker geratu da leku onean euskarazko antzerkia, erdarazko lehen piezaren makaltasunaren ostean.

Dena den, arratsalde osoko egitarauaren tanto nagusia Goitibera konpainiaren Zuri antzezlana izan da, alde handiz gainera. Irakurle finek gogoratuko dutenez, Goitiberaren azken antzezlana Kasilda, bukatzen ez den sua izan da, donostiar emakume iraultzailearen omenez egina, eta, konpainiaren ildo sozial konprometituari jarraituz, espetxeek presoengan duten eragina aztertu dute oraingo honetan, Saioa Iribarrenen testu batekin eta haren zuzendaritzapean.

Gaiaren laztasunarekin bat eginez, indar handiz hasi da emanaldia. Kartzelako funtzionarioa (Gaizka Chamizo) eta presoa (Ander Basaldua) elkarren alboan agertu dira, publikoari begira, tente eta argi zuriko fokuen pean, zaindaria uniformea jantzita eta presoa barruko arropa zuriarekin, buzo zuria janzteko prest. Bien atzean laukizuzen zuri batek marraztu ditu ziegaren mugapenak, eta emanaldiaren denbora laburrean agerian geratu dira presoaren bizirauteko estrategiak, sistemak pertsonak suntsitzeko dituen erak eta funtzionarioaren moral korapilatsua.

Oso era asertiboan gertatu da guztia, alferrikako emozio merkerik sortu gabe, eta beharbada horregatik egin zaigu sarkorragoa taula gainean gertatzen zena: esandako horrengatik, argien diseinu apal baina esanguratsuagatik eta bi antzezleen erabateko sendotasunagatik. Protagonista biak ilunean desagertzen zirelarik Leteren eta Laboaren Ihes betea abestu dute ahots bitan, eta ikusleek txalo bero-beroekin eskertu dute hain elementu xume eta gutxirekin hainbesteko dentsitatea lortu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.