'Donka'
Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: otsailak 19.
Donka izeneko ikuskizuna ekarri digu azken egunotan Daniele Finzi Pasca suitzarrak. Bere ibilbidea aztertuz gero, ezinbestekoa da esatea Cirque du Soleilen lan baten sortzailea izan ostean, Quebeceko Cirque Eloizerekin jardun zuela eta Luganoko (Suitzako kantoi italieradun bakarra) Teatro Sunil sortu zuela. Azken biekin sortutako muntaiak —Rain eta Nebbia——gurera ere etorri ziren, eta orduan hasi ginen ezagutzen Finzi Pascaren poetika sotil eta estilizatua.
Oraingo honetan, aldiz, bera bakarrik agertzen da idazle, zuzendari, koreografo eta argi diseinatzaile. Horrek esan ahal du zirkuaren esparru zehatzetik irten eta nazioarteko sortzaile handien artean ari dela kokatzen, sendotasun osoz gainera. Izan ere, Donka hau Rain eta Nebbia baino hurbilago dago antzerkitik, edo askoz orakatuagoak daude zirku-arteak eta antzezkizuna, beharbada Txekhoven ametsezko munduak muntaiaren alde guztiak blaitu dituelako.
Gauzak horrela, Cirque Eloizeren moduko zirku eszeniko erakustaldi zoragarria espero zuenak nolabaiteko dezepzioa hartuko zuen lanaren planteamenduarekin, baina hitzezko sarrera luze-luzea gainditu ostean, Finzi Pascaren lasaitasun kementsuan murgildu gara eta albo batera utzi ditugu zirku garaikidearen ohiko tentsioa eta abiadura. Gainera, Txekhoven mundua irudikatzeko zeharo egokiak suertatu dira erritmo pausatua eta jantzietako kolore apalak, beraiei esker hobeto sentitu dugulako haren idatzietako umore malenkoniatsu aparta eta pertsonaien gizatasuna.
Hala ere, zirkuak ere bere presentzia eduki du emanaldian zehar, eta ikusleok ekitaldi eder askorekin gozatu dugu, betiere lan osoaren tonu jostagarri eta arduragabean. Garai bateko zirku erromantikoaren estetikan bilduta, eta akordeoi eta gitarra akustikoak lagundutako abestiekin batera, hainbat saio gozagarri aurkeztu dituzte, eta haien artean bereziki politak izan dira zine mutuaren estiloko akrobazia faltsuaren proiekzioa, airetiko dantzariak eta malabarismoak izotz puskekin egindako koadro onirikoa eta, zelan ez, Cyr gurpilaren gaineko eboluzio bikainak, arrosa petaloak euria legez jausten ziren bitartean.
Azkenik, aipamen berezia merezi du aktoreen berbaldietan euskarari presentzia nabarmena emateko ahaleginak. Argi dago Helvetiar Konfederazioaren eredu eleaniztunak baduela zerbait esateko hizkuntzen arteko errespetuaren gaian!
Kritika. Antzerkia
Txekhoven omenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu