'Ura saltoka'

Txantxangorri buruarekin

Idazlea: Juan Kruz Igerabide. Argitaletxea: Alberdania.

Irati Majuelo.
2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Ezaguna da Juan Kruz Igerabideren ibilbide literario oparoa, batez ere haur eta gazte literaturan nabarmendu dena. Hala ere, esan daiteke genero literario ia guztietan esperimentatu duela, nahiz eta, agian, saiakera ez duen poesia, narratiba, edo antzerki-testua bezainbeste landu. Saiakera batekin dator oraingoan, Alberdania etxean argitaratu baitu Ura saltoka, bizitzari atzera begira maiz, memoriaren eta gogoaren uretan murgiltzeko proposamena eginez irakurleari.

Naturarekin harreman estuak eraikitzen dituen lana da Igerabiderena, hori du helburu nagusi, izatez, Natura eta kultura jolasean azpi-izenburuak iradokitzen duen gisan. Natura gogoetagai hartuta, beraz, harilkatzen ditu askotariko pentsamenduak, umetako oroitzapen lausoak eta egungo kezka sozialak, gaztetako anekdotak eta pentsalari, poeta zein ikerlari ugariren ideiak. Hari-mutur bat proposatzen du kapitulu labur bakoitzean, eta horri tiraka osatzen du bere hausnarketa ildoa, hara eta hona jauziak eginez, digresioak arau. Idazleak aipatzen duen bezala: «Txantxangorri-buruarekin pentsatzen ari naiz gauza hauek guztiak. Ohartzen naiz askoz ere xeheago eta sakonago azaldu beharrekoak direla. Niri, hala ere, txantxangorriaren jauzikako hurbilketa gustatzen».

Honenbestez, jauziz jauzi azaleratzen ditu, erabat sakondu gabe, hamaika gairi buruzko iritziak: gizakiak teknologiari dion miresmena, krisi ekologikoa, izadiak sortzen duen lilura, ehiza, poesiaren eta naturaren arteko harremana edo gerla, besteak beste. Gaiak badatoz eta badoaz, baina ez du, hala ere, hutsaltasunik erakusten Igerabideren jarioak. Aldiz, gehiago hurbiltzen da basoan zehar egurastu ahala sortzen den hizketaldira, solas-hariak hasi, galdu eta berrartzen dituen jardunera. Hori hala, idazlea berriketa gozoan sumatzen da eta irakurlea entzule adi izatera gonbidatzen du, harekin batera hausnarketa isilean. Darabilen hizkuntza aberatsa eta malgua nabarmendu behar da saiakera honetan, bai eta aipatzen dituen erreferentzia literario, filosofiko eta zientifikoak ere, idazlearen ideiak pausatzen baitituzte testuan, lurrera ekartzen.

Liburuan zehar kritikatzen duenez, gizarte honetan «benetako arrazoia non dagoen ez zaigu axola, arrazoiarekin irtetea baizik» eta, ildo horretan, hausnarketa gehienek izaera irekia dute, ez determinista, malgua. Alabaina, azkeneko kapituluetan, COVIDaren gaiari heltzen dionean, Igerabideren gogoeta kritika gogor bilakatzen da, eta argudioak arrazoiaren jabe izateko defendatzen ditu, ez eztabaida osatzeko asmoz. Hori dela eta, nahiz eta bere burua ez kokatu jarrera batearen ez bestearen tarteko bidean, garatzen duen diskurtsoak nabarmen jartzen du zalantzan zientzia, pandemian erabili ziren neurriak, etab. Kontua da, hainbatetan datu ez-fidagarriak edo are gezurrezkoak haizatzen dituela, adibidez, bidaiatzeko COVID pasaportea beharrezkoa dela aipatzen duenean. Ondorioz, uste dut liburuaren amaierako pasarteek testuak hasiera batean hartutako bide xalo eta zabala nahastu edo narrasten dutela, gogoeta irekiak zirenak gotorleku bilakatzen baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.