Jose Ramon Amondarain
Erakusketa:Ganarama. Lekua: Altxerri galeria. Donostia. Noiz arte: azaroaren 30era arte.
Badirudi pintura suspertu egiten dela krisi garaietan, artearen merkatuak erraz mugitu eta kokatzen duen teknika eta oinarria baita. Krisi garai berri baten muinean, Jose Ramon Amondarainek antzinako teknika honi buelta erdi bat eman nahi izan dio, pintura jarduerak eskaintzen dituen aukeren inguruko gogoeta kontzeptual bat eskainiz.
Donostiako Altxerri galerian aurkezten duen lehen bakarkako erakusketa da honako hau, nahiz eta 1990. urtean bertan antolatu zen taldekako batean parte-hartu zuen. Erakusketa honetarako, pintura, eskultura edo argazkitan banatu ditzakegun artelanak aurkezten ditu, nahiz eta guztiek pintura duten abiapuntutzat. Erakusketaren izenburuak berak, Ganarama (anagrama hitzaren anagrama), gauza beraren inguruko birmoldaketa adierazten du, kasu honetan pinturaren inguruko kiribil kontzeptual interesgarria.
Sarreran dagoen titulurik gabeko argazkiak erakusketak gordetzen duenaren arrasto garbi bat adierazten du. Berez fisikoki nahiz digitalki manipulatua izan den argazki bat da, baina argazkitik oinarri eta inpresio teknikak soilik gordetzen ditu, guztion begitan pintura bat baita. Sarrera eta areto nagusia banatzen dituen espazioan argazkiaren eta pinturaren arteko harreman berri bat sortzen da, eta itsas maskorrak harreman horren lotune bilakatzen dira. Maskor horiek azalean dituzten forma eta koloreak historiako hainbat pintorerekin jartzen ditu harremanetan, pintura eta argazkiaren arteko joko bat sortuz. Halere, espazio eta serie horren piezarik interesgarriena, ezbairik gabe, alboan dagoen eskultura da: Homenaje a Robert Ryman. Poliesterrez sortutako maskorrak metakrilatozko oinarri garden baten gainean aurkezten zaizkigu, non oinarriaren barrualdean pintura zuriaren isuri bat ikus dezakegun, gainaldeko figuren galera balira bezala. Piezak berak lehen begiradan interes berezirik sortzen ez badu ere, pintore minimalista horri eginiko erreferentzia bikaina da, argazkiarekin hasi duen harreman piktorikoa eskulturara zabalduz.
Areto nagusia ere pintura eta eskulturaz osatzen da. Bereziki ikusgarriak Homenaje a Ad Reinhardt eta Kiefer en el museo Reina Sofía eskulturak. Lehenak, Robert Rymanen bide berari jarraitzen dio, beste pintore kontzeptual eta minimalista baten erreferentzia jarraituz. Kasu horretan metakrilatozko oinarria biribildua da, eta horren gainaldean, poliesterrez sortutako haragi koloreko forma organiko bat ikus dezakegu, oinarriaren barrualdetik, aurrekoan bezalaxe, isuri ilun bat galtzen duena. Beste eskulturak oinarriaren gainaldean Reina Sofia museoaren plano zenital bat aurkezten du, eta, horren gainean, errautsez estalitako pintura masa ilun baten bitartez sortutako objektu bat dago. Kontzeptuaren gainetik, bi piezak formalki zoragarriak dira.
Pinturak formatu handikoak dira, eta gaitzat pintura bera daukate. Ez pinturaren historia, baizik eta horren fisikotasuna. Olio pastak moldatuz sortuz joan diren formak dokumentatu eta horiek berriro pintatuz sortutako lanak dira, erakusketan behin eta berriz errepikatzen den pinturaren inguruko berrinterpretazioaren bertsio berri bat sortuz, aurreko adibideak baino nabariagoa eta kaxkarragoa agian. Ondoan, horman kokaturik, hainbat artistaren izenetan oinarritutako anagramak aurkezten dira. Formatu txikiko poliesterrezko oinarri laukien barruan, artista horien manipulazioak ikus ditzakegu, besteak beste, Gabriel Orozco / Regalo Cobrizo, Antoni Tapies / Tienta Pasión...kontzeptualki baino formalki pieza interesgarriagoak, dudarik gabe.
Anagramek artistak pinturaren inguruan aurkezten duen begirada bikoitzaren adibide garbia dira. Artistak berak esaten duen moduan, pintura teknika zaharra eta gastatua da, eta harekin denetik egin da. Halere, beti agertzen da artistaren bat, zeinak pinturatik abiatuta zerbait fresko eta interesgarri garatzea lortzen duen, Amondarainen kasurako. Askotan entzun dut pinturaren heriotzaren inguruko mantra hori baina, nola egongo da ba hilik teknika? Egia da pinturaren oinarritik hasi zen garapen fisikoaren azken pausoetan egon gaitezkeela eta horrek XX. mendean 3Dra egin duela, baina burura datozkit Marx Enst, Kurt Schwitters, Hans Arp, Rauschenberg eta Jasper Jons, jada historiaren parte direnak. Pintura beti egongo da hor, norbaitek garatu zain.