'The Dark Night Rises'
Zuzendaria: Christopher Nolan.
Aktoreak: Christian Bale, Gary Oldman, Tom Hardy, Joseph Gordon-Levitt, Anne Hathaway.
Herrialdea: AEB.
Iraupena: 165 minutu.
Honako hau zientzia balitz eta zuzentasunez jokatzen ahalko bagenu, film soil gisa hartu beharko litzateke The Dark Knight Rises. Eta horren arabera baloratu. Baina, oraingoz, ez da ekuazio matematikorik asmatu, ez metodo zientifikorik garatu; nahitaez Christopher Nolanen azkena Frank Milleren Batmanen gaineko trilogiaren amaiera da, eta testuinguru horrekin daude kutsatuta gure begi itsutuek.
Horregatik, akaso, desengainua. Eta, horren ondorioz, injustua izateko arrisku jakina. Azken urteotan horrenbeste ugaldu den mota guztietako superheroien ekosistemaren barnean sailkatu beharko bagenu, Bruce Wayne zaputz hau eta bere alter ego maskaraduna goiko aldean leudeke, merezimendu osoz. Lehen Iron Man-ekin lehian, beharbada.
Gauzak ez dira horren fazilak, zaldun iluna ez baita ezerezetik sortu den salbatzailea. Etapa berri honetan, bi pelikula ditu atzetik eta horiek hirugarrena neurtzeko eskala ezarri dute, bidegabea dela jakinda ere. Horren arabera, aurreko bietatik urrun dago Batmanen azkena, lekutan.
Batman Begins-ek ireki zuen saguzar-gizona beste modu batera interpretatzeko bidea. Superheroia bai, baina zalantzaz beterikoa, ahula askotan eta oinak lurrean tinkatuak zituena. Ikuspegi horrek goia jo zuen The Dark Knight maisulanean, mende berriko akzio pelikuletarako eredu bihurtu beharko den filma.
Hori dela eta, bestelako amaiera nahi genuen Batmanentzat, aurreko binomioarekin koherentzia handiago izanen zuen epilogoa. Kasu honetan ez da nahia bete, trukean film arruntago bat eskaini zaigu. Nonbait industriaren ikuspuntua eta diru gosea nagusitu dira, eta sortzailearen izaera askoz ere modu lausoago agertu, distira bakanak izateraino.
Hasiera-hasieratik, bestelakoa dela sumatuko da, lehen minutuek James Bond edo Bournerekin zerikusirik dute, baina Gotham Citytik kanpoko sekuentzia horiek guztiz arrotz gertatuko dira. Hortik aurrera, hainbat filmetan ikusi ditugun klixe nagusiak agertuko dira: heroiaren kontrapuntu erromantiko-bihurria, Joker izan nahi duen etsai arrunta, mezu sasi-ekologista... Dena dotorezia handiz emana eta musika errepikakor batek itoa, baina behialako iluntasunaren argitasunik gabe.
Paradoxikoa bada ere, solasaldi gehiegi dago The Dark Knight Rises-en. Aurrekoa eredugarria izan zen akzioaren bitartez pelikula bat gailu perfektu baten garatzen. Honako hau, baina, okerreko lasterbidea hartu eta zinema komertzialaren trikimailu gehienak barneratuta, tropeleko pelikula bat izatearekin konformatu da.
Kritika. Zinema
Tropeleko superheroi bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu