Donostiako 49. Jazzaldia. KRITIKA. Trinitate plaza

Trinitatea: Rava, McFerrin eta ikusleak

2014ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Enrico Rava Tribe eta Bobby McFerrin

Eguna: Uztailak 24.

Kantuan egiten zuen tronpeta baten doinuak ekarri zizkigun herenegun Enrico Rava jaunak. Ia etenik gabe eta ohartu gabe eraman gintuen konposizio batetik bestera, balada bat zein New Orleanseko erritmo kutsakorrenak elkarrekin partitura berean ernatu izan balira bezalaxe. Abileziaz eta dotoretasun osoz lagundu zituzten Ravaren joan-etorri musikalak haren adiskideek ere. Bikote ezin hobea izan zuen Gianluca Petrella tronboi jotzailea; kolore eta giro anitz sortzeko gaitasun paregabeko Giovanni Guidi pianista; oinarri sendoa eskainiz Gabriele Evangelista kontrabaxu jotzailea eta, azkenik, baina ez azken-putz, Fabrizio Esferra bateria jotzaile xaloa; musikariok diogun bezala, oharkabean pasatzen dena baina talde batentzako bermerik onena. Ravaz espero ez genuen errepertorio melodiatsua jaso genuen atzo, suite tankeran marraztutako kontzertu iradokitzailea. Beste bat jotzeko eskatutakoan, ordea,txa-txa-txa erara moldatutako Quizás, quizás kantua oparitu ziguten ikusleei.

Jarraian, etxekoa bezala sentitzen dugun bokalista handia esku zarta itzelez agurtu genuen Trinitate plazan. Bagenekien Ipar Amerikako espiritualez bustiko zizkigula harrizko petrilak eta gure arima egartiak, Spirityouall lana aurkeztera baitzetorren. Gospel zein country musikaren koloreekin eskaini zizkiguten aski ezagunak diren Wade in the Wáter, Joshua eta Whole World. Zoragarri enpastatutako musikariak eta ahotsak izan zituen bidaialagun. Espero eta desio genuen bezala, publiko artean bat-batekotasunaren jolasa proposatu zuen McFerrin maisuak berriro ere, eta hiru bat lagun izan zituen zipriztintzeko prest. Euriak ere parte hartu nahi izan zuen atzo arratsean, eta jada ezagunak zaizkigun plastikozko zira berdez estali zen plaza, baina ikusleok ez genion berehalakoan utzi kantatzeari. McFerrin bera gure artera jaitsi zen euripean, estalki berderik gabe, gu bere espiritualtasunez blaitzera. Baita blaitu ere!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.