KRITIKA. Artea

Transmisio uhinak

Erakusketako lan batzuk. J. RUIZ / FOKU.
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun

'Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian, 1977-2002'

Artistak: Hainbat. Non: Gasteizko Artiumen. Komisarioak: Xabier Arakistain, Beatriz Herraez, Miren Jaio eta Elena Roseras.

Museoaren bildumaren parte diren piezekin antolatutako mostrek izan dezakete ikuspegi berriak helarazteko potentzialitatea, edo, bestela, berrinterpretazioa egiteko hautatzen den kokapen diskurtsiboaren arabera, arriskua izan dezakete artearen historiako narrazio hegemonikoak betikotzeko. Erakusketa honek, kasurako, Euskal Herriko testuinguru artistikoaren barruan 1970eko hamarkadatik aurrera gertatutako hainbat prozesuren aztarna plastikoak biltzen ditu: artearen instituzionalizazioarenak, artistek politika kulturaletan izandako parte hartzeenak, gizarte mugimenduenak, feminismoarenak, identitate nazionalarenak, tokikoaren eta globalaren arteko talkenak eta abarrenak. Hau da, euskal artearen homogeneizazio esentzialistatik urrun, mostra honek euskal artea izan daitekeenaren hamaika sentsibilitateren inguruko gogoeta zabala proposatzen du. Hala, erakusketak, ehun artelan, dokumentu eta artxiboren bidez, tokiko historiaren atzera begiratze bat proposatzen digu, hainbat eskuk modelatutako mundu estetikoak behatuz.

Trantsizio garaiko zeruan agertzen hasi ziren lehendabiziko izpi berriak: askatasun politikoa, nortasun nazionalaren indartzea, edo abstrakzio geometriko eskultorikoaren arrakasta soziala, euskal komunitatearen sinbolo kultural bilakatzeraino. Gaur egun, oraindik, presente ditugun irudi eta sinbolo hauek, erakusketan sartu bezain pronto, hainbat mahaitan topatuko ditugu: logoak, aldizkariak, paretako kartelak... Besteak beste, Basterretxeak, Txillidak eta Ibarrolak egindakoak dira haietako batzuk. Iruditegi berria sortu zuten amnistia eskatzeko, Lemoizko zentralaren aurka egiteko, eta euskararen edota langile mugimenduaren aldeko ideiak helarazteko. Bestetik, albo batean Itziar Elejalderen Penelope lana ere ikus dezakegu, 1980ko Euskadiko Emakumeen Asanbladarako egina. Identitate nazionalari buruz baino gehiago, emakumeen rolen inguruan hausnartzen duen lana dela esan genezake, eta emakumeen egunerako, Martxoaren 8rako edo abortatzeko eskubidearen alde egindako kartelak ikus daitezke haren alboan. Neona, oihala eta bordatua uztartzen dituen Penelope-rekin kontrastean, areto nagusian, garai hartan nagusi zen abstrakzio geometrikoaren joeraren adierazgarri diren Oteiza, Basterretxea eta Txillidaren eskultura lanak kokatzen dira.

Garai bertsuan, bestelako bide kontzeptual eta esperimentalagoak hartu zituzten beste artista batzuek, eta hor ikusiko ditugu Elena Asinsen lan abstraktuak, parez pare, Esther Ferreren Ejercicios corporales proiekzioarekin. Erakusketa aretoan aurrera egin ahala, soinuen presentzian erreparatzea ezinbestekoa egiten da; han-hemenka, telebista edo proiekzioetatik datozen soinuak entzun daitezke, Ibon Aranbarriren eskultura lanera gerturatuz gero, irrati hotsekin nahasten direnak.

Aranbarriren lanetik gertu, Maria Luisa Fernandez eta Txomin Badiolaren eskultura lanak daude. 80ko hamarkadaz geroztik, euskal eskultura berriaren baitan ulertutako artistek tradiziotik jasotako irudi eta kontzeptuak garaiko postmodernitateak eragindako jarrera eta testuinguruetara moldatu zituzten. Halaber, material nobleak ez ziren elementuak erabiltzen hasi ziren eskulturan eta beste sortze prozesu batzuetan. Bilakaera horren berri ematen dute, esaterako, areto nagusiaren izkina batean kokatutako Gema Intxaustiren eta Ana Laura Alaezen lanek, kotoiarekin, sarrio-larruarekin eta artilearekin egindakoek.

Erakusketaren azkenengo ataltzat har genezakeenak agerian uzten du kanpoko joeren eta tokikoen arteko talka. Pepe Espaliuren Carrying ekintzaren argazki serieak, Okarizen Variations sur la même t 'aime-k eta Begoña Zuberoren argazkiek garaian loratu ziren gogoeten berri eman dezakete, eta, besteak beste, hiesaren, globalizazioaren eta teknologia berrien eragina agerian utzi. Haatik, tokiko artisten beharrei erantzuteko, esperimentaziorako eta ideia trukaketarako Artelekuren egitekoa ere azpimarratzen da. Bertako artxiboak, eta 90eko hamarkadan areagotu ziren DIY praktikak eta Erreakzioa talde esplizituki feministaren fanzineak ere ikus daitezke erakusketaren azken atal honetan, garai hartako albiste, katalogo eta argazki askorekin batera.

Lur azpiko uretan, ilargiaren bestaldean eta sasien azpian ezkutaturiko lanak bistaratzen ditu mostra honek, euskal artea kontzeptualizatzeko bestelako diskurtso baten barruan. Adrienne Richek adierazi zuen lez, berrikustea, bestelako begirada kritiko batekin testu zaharretan barneratzea, alegia, iraute ekintza bat da emakumeontzat; subalternoentzat, gehituko nuke. Instituzio edo partikularren bildumetatik abiatutako berrikuspen kritikoek erakusten dute erakusketa diskurtsoaren eta sorkuntza ekoizpenaren testuinguratzearen garrantzia, eta mostra hau da horren eredu. Berrikustea bizirik irautea delako, batez ere, une oro hutsuneetan igerian ari garela sentitzen dugunontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.