Sam Amidon. 'Lily-O'

Tradizioarekin zer egin

2014ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Diskoetxea: Nonesuch.

Treme telesailean ageri da pasartea. New Orleanseko jazz musikari familia bateko semeak, Delmond Lambreaux tronpetistak, une epifaniko bat izaten du, eta bururatzen zaio Mardi Gras eguneko indiar buruzagien doinuak fusionatzen baditu bere taldean jotzen duten jazz garaikidearekin zerbait miragarria sor daitekeela, jazzaren historian mugarri bat ezarriko duen gertakari apartekoa. Nolatan ez ote zitzaion lehenago otu: etxean betidanik jasotakoa jazzaren adierazpiderik berrienekin nahasi. Azken batean, ez da hainbesterako kontua tradizioarekin zer egin pentsatzea. Hori bai, horretarako bere aita Albert Lambreaux —indiar buruzagietako bat dena— konbentzitu beharko du diskoan betiko doinu horiek abes ditzan. Badaki gogotik kostako zaiola. Tradizioaren zaintzaile ustekoak mesfidati begiratu ohi dio bere ondarearen kontrola galaraz diezaiokeen edozein proposameni. Azkenerako, ordea, zaharraren egoskorkeriak arinduta, lortzen dute diskoa argitaratzea. Eta jazzaren zirkulu berritzaileenetan bibaka hartzen dituzte.

Gogora etorri zait pasartea egunotan, hilaren 28an Donostiako Garoa Kultur Lab-en Sam Amidonek eskaini behar duen kontzertua dela-eta sarean artistaren nondik norakoei usainka nenbilelarik. Izan ere, Lambreauxen tankeran, Amidonek etengabe fusionatzen ditu kantu tradizionalak berak sortutako melodia berriekin. Noski, bi enbor musikal aski urrunekoren ezpalak dira; 2.400 kilometro daude New Orleansetik Vermontera, are gehiago buruzagi indiarren erritmoetatik folk amerikarrera, baina ematen du bi kasuetan errepikatzen dela patroi bera: tradizioa esanahi berrietan birkokatu nahi duen musikari bat, puristen gaitzespena eta eszena alternatiboaren miresmena jasoaz.

Amidonek melodia idatzi ohi du lehenik, eta, segidan, arrazoi bereziren bat dela medio buruan darabilen kantu tradizional bat egokitzen du melodia horretara. Bien fusioa ez zaio sekula homogeneoa irteten: batzuetan kantuen %40 izaten da bere uztakoa, %60 besterena. Beste zenbaitetan alderantziz. Denetarik du errepertorioan. Atera berri duen diskoan funtzionatu dio formulak, bai behintzat une dezentetan —Blue Mountains ederrean edo diskoa legez Lily-O izeneko in crescendo gogoangarrian—. Egia da, dena dela, ez dela kantari bereziki nabarmena, eta lehengaitzat hartzen dituen kantu zahar askotako ahotsek segur aski entzulea areago kolpatuko luketela.

Azken batean, ez da txantxetarako kontua tradizioarekin zer egin pentsatzea. Lambreaux gazteak edukitako une epifanikoa ez omen da Treme-ko gidoilarien asmazio hutsa. Indiar buruzagien doinuak jazz garaikidearekin fusionatu omen zituzten orain urte batzuk. Ideia hura ez zen, ordea, tronpetista batena izan, Donald Harrison saxofoilariarena baizik —zeinak, bidenabar, bere burua interpretatzen duen Treme-n, Hu-Ta-Nay kantu tradizionala estudioan grabatzen ageri diren eszenan—. Diskoa 1991n argitaratu zuten. Kritika hotz eta salmenta are hotzagoak lagun, jazzaren historian sartu behar zuena apalategi hautseztatuetan gelditu zen betirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.