Amina Claudine Myers: 'Generations 4' eta Ben LaMar Gay
Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: uztailaren 24a.
Amina Claudine Myers (Arkansas, AEB, 1942) pianista, organista, kantaria, musikagilea, antzezlea eta hezitzailea da, hamarkadetan musika egiten aritua. Hemen gospel eta rhythm and blues talde bat dakarkigu.
Eliza txiki batek eman dezakeen giroarekin datoz Myers eta bere taldea; familia giroan, nolabait. Ez dugu igande garrantzitsu bateko meza entzungo, ezta ospakizun distiragarrietan izaten diren kantuak ere, ez: eguneroko soiltasun handiko meza baizik. Giro apal horrekin, azken urteetan izan ditugu gospel kontzertu ugari, eta hantusteekin hausteko lezioa eman ditu Myersek. Afinazioa ez da perfektua, abeslariek ez dute aberats itxurarik, eta musikaren lurrinak bluesaren sustraietara garamatza.
Ibilbide luzeko emakumea dugu Myers, berak gordetzen du benetakotasunaren bitxi hori bere memorian, eta gaur, gure konplizitatea eskatu gabe, haren konplize bihurtu gaitu. Gospel talde beltzen sustrai doietan izan gara.
Ondoren, Ben LaMar Gayk eta lagunek (Chicago, AEB, 1984) psikodelia berezi batera eraman gaituzte, abangoardia berezi batera. Hasteko, zintzarriak jo dituzte, horiekin jolastuz hasi dira. Zer ote? Abangoardia bukoliko etnikoa, agian? Sintetizadoreak martxan, abesti atabikoak; sintetizadoretik iragazitako helikoiarekin, badirudi Matt Davis musikaria lebitatzen hasiko dela. Indie musikaren eragina ere badu entzuten dugunak. Erdi ezkutuan ageri zaizkigu Will Faber gitarristaren keinuak. Tomaso Morreti baterian bikain aritu da, malgutasun ikaragarria erakusten du. Kanpaien hotsekin jolastu dute oraingoan, bibrazio bereziak sortuz, jolas erritmiko ederrak.
Halako batean, zaldi gainean estepa luze batera doazen marru antropologikoek gidatzen dute kabalkada. Eta LaMarren korneta txiki eta azkarrak hipnositik aterako gaitu. Proposamen ausarta, musikari hauena. Entzuleak txundituta daude; asko joan egin dira, eta fideltasunez geratzen direnek esperientziaz gozatu dute.