Literatura. 'Totelak'

Totelka, elkarri hitza janez

Egilea: Fermin Etxegoien. Argitaletxea: Erein.

2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Fermin Etxegoienen laugarren fikziozko lana da Totelak, nobela formatuan emana hau ere, aurreko hirurak bezalaxe. Bi planotan abiatzen da kontakizuna: batetik, Alpeetatik bidaian ari den bikote euskaldun —eta izengabearen— ibilerak aletzen zaizkigu; bestetik, Txet ezizeneko musikari frustratu baten gorabeherak. EHUko Ruper Ordorika katedrak musikariari buruz eskolak emateko deialdira aurkeztuko da Txet, musika herrikoiaren eta, nola ez, Ruperren zale amorratua dena. Katedrarako elkarrizketetan ezagutuko du Marga, bera ere hautagaia. Laster, maitasun harremana gauzatuko da bien artean.

Margaren seme Ganix totela da, nobelako gainerako pertsonaien ifrentzu, ahobero galantak denak. Autoreak ito beharrean hitz eta pitz jartzen baititu Txet eta enparauak, lerrotik lerrorako beren jarioan —elkarrizketan zein barne-bakarrizketan— irakurlea ia arnasarik gabe uzteraino. Bi obsesio nagusi: euskara-euskal kultura eta musika herrikoia. Saiakeraren zurruntasunetik aterarazten dira gaiok, fikzioaren sare malguan dantzatzeko. Makrogaiak eta mikrogeografiak atsegin ditu Etxegoienek, Beatlesen kantu erraz eta marabillosoetan legez, dibinotasuna bizpahiru akordetan itxuratuz. Ordorikaren hainbat disko iruzkintzen ditu Txetek, Ordorika katedrarako txostenean. Musikariaren zenbait kanturen azterketa limurtzailea egiten du, tonalitate aldaketa eta akordeetan oinarritutako ekarpen originalak eginez, esaterako, Hi hintzena kantuaren hasierako «bi akorderen gainezarpenean» postmodernitateak ekarritako «erlatibotasun likidoa» ote dagoen. Herri musikari dagozkion pasarteak gustagarriak dira oso, Nick Hornbyren eleberrien moduko irakurketa bizikoak.

Zehar estilo libreari ahal bezainbeste eutsiz, abiadura zorabiagarri samarreko idazkera baliatzen du autoreak, sintaxia esakunearen menpe jarrita. Zabarkeria kontrolatu moduko bat dago, halako gozamen bat bakarrizketa luzeetan, gramatikarenganako bortxak eragindakoa. Asmo kitzikagarria antzematen zaio nobelari. Euskal literaturan gai ustez sakratuak profanatzea ez da nobedade, baiki, baina boutade-ak goren gradura eramateko saiakera umoretsua dago. Elkar ezagutu ostean (fikzioak hala behartuta, jakina), noizean behin afariren bat egiteko ohitura hartuko dute lau pertsonaia nagusiek. Afari horietako batean, Margak eta gizon bidaiariak, zezenari adarretatik helduz, euskararen etorkizuna hartuko dute hizpide. Bien arteko dueluak sententzia zoliak utziko ditu, arrazoiketa makurrak eta zinismoz beteriko gogoetak, Mendi magiko-ko Settembrini humanistaren eta Naptha kontserbadore iradokitzailearen arteko ika-mikak antzeratuz. Eleberri erotikotzat ere jo daitekeenaren orgasmo unea hortxe dago. Eleberri erotikoa diot, Etxegoienek ez duelako jorratu gabe uzten euskaldunok bero-bero jartzen gaituzten gaietako bat ere. Heziketa sentimentalak edo mikrogeografiak ere taxutzeaz bat, horixe, The Smiths taldeari eta Manchesterri, Pirinioetako glaziarrei edota ibar batzuen arteko alde linguistikoari erreparatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.