Jazarrien ikuspuntua islatzen saiatu dira nagusiki 36ko gerraren gainean gurean idatzitako nobela-kronika historiko gehienak, eta nekez aurki daiteke garaileen alderdi ezberdinen borroka eta azpijoko zekenen nondik norakoen berri. Alta, bada, unibertsitatean kazetaritzaren eta komunikazioaren alorra jorratu duen Inazio Basterretxeak (Galdakao, 1959) ikuspuntua aldatuko digu bere azken nobelan: Begoñaren itzalpean (Elkar, 2016).
Garaile frankisten baitan bildutako alderdi ezberdinen arteko joeretan arakatuz, euskaldunen artean ere faxista ugari zirela gogoraraziz, ohikoan ezkutatuta geratu zaigun arerioaren gaineko potreta sinesgarria lortu du. Eta ez da ahuntzaren gauerdiko eztula sinesgarritasun hori erdiestea, maiz ikusi baititugu idealizazioaren eta manikeismoaren eredu goraipatuak azken bolada honetan. Galdakaoko idazleak, pertsonaia historikoen berri zehatza eta dokumentatua emateaz gain, fikziozkoak ondo baino hobeto karakterizatuz lortu du, elipsi narratiboek eta denbora jauziek pisu handia izanik. Bilbo ilun hartako giro etsitua —baita falangista arruntentzat ere—, eta lexiko ederki landua bidaide, nobelak oso teoria bitxia eskaintzen digu, batez ere euskaldunoi: benetako falangistek gerra galdu egin zutela, edo derrotatuak sentitu zirela bederen. Jose Antoniok aldarrikatu amestutako ideal hura ezerezean geratu zela, Francoren azpijokoen eraginez. Nobelaren alderik erakargarriena, ezbairik gabe, falangistak hezur-haragizko aurkeztea da: Eugenia eta Joaquinen arteko harreman gotortuak eta hertsiak maila gorena ukitzen du.
Gerra amaitu eta hiru urtera, 1942ko abuztuan, zenbait falangista bilbotarrek, frankismoaren alderdi berean baina oso bestelako xedeekin, karlista eta erreketeen indarrak ordezkatzen zituen Gerra ministro Jose Enrique Varela jeneralaren aurka jarri zuten lehergailu bat. Begoñako basilikaren aurrean eratu atentatuaren inguruan eraiki du Basterretxeak istorioa. Historia nagusia eta indibidualak berriro talkan. Hartara, kartzelatik damutuen taldean irtendako Barandi ETApm-ko kide ohi bat jarriko du detektibe lanetan 1986an, historia nagusiaren alde ezkutuenei jarraikiz. Sam Spade trakets horrengana iraganeko gerran galdu omen zituen gurasoen xerka agertuko da Kelen, femme fatale-ren zantzu guztiekin agertu ere. Suitzan bizi den emakume misteriotsu batekin eraikiko du topikoz betetako nobela beltza galdakoztarrak, bi hari narratibo modu paraleloan uztartuz, eszena sinkopatu azkarretan uztartu ere. Gertakizun historikoak hirugarren pertsona orojakilean ematen diren arren, Barandik eta Kelenek lehen pertsona darabilte. Egia esatera, bigarren hari narratibo hori lar luzatzen da, ene ustez, eta topikoek interesa kentzen diote.
Basterretxeak sintaxi neurtua eta lexiko aberatsa darabiltza —estandarra nagusi den honetan guztiz eskertzekoa, baliabide metaforikoak maisuki erabiliz— bi hari narratibo ezberdinak erritmo azkarraz ehunduz, eta Xabier Mendiguren editorearen lana goraipatu beharrekoa da, molde egokia eman baitio anabasa suerta zitekeenari. Hortaz, asko estimatzen dira, esaterako, datu andana horren artean, gerraren gainean Eugeniaren aita faxista zenak idatzitako dietarioko oharrak: «Itauna da gerra: inkognita-otzara bat».
'Begoñaren itzalpean'
Totalitarismoa, iluntzetara
Egilea: Jose Inazio Basterretxea. Argitaletxea: Elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu