'Hypnotisören'
Zuzendaria: Lasse Hallstrom.Aktoreak: Lena Olin, Mikael Pesrbrandt, Tobias Ziliacus. Herrialdea: Suedia. testua. Iraupena: 120 minutu.
A urreiritziak, aretoaren kanpoaldean utzi behar diren horiek. Kasu honetan, bi nagusi: batetik, Lasse Hallstromek azken urteotan Hollywooden izan duen ibilbidea, arrakasta dezentekoa baina kalitate gutxikoa —The Cider House Rules Zinemaldian bertan aurkeztu zuen; The Hoax, Dear John…—. Eta bigarrenik, Europako iparraldeko genero beltza faktorea, larssonkeriak alegia.
Aurreiritzirik gabe, Hypnotisören-ek aurreikuspen guztiak gainditu ditu, txarrerako. Inolako gupidarik gabe, bi ordu luzeko tortura zinematografikoa eskaini digu zuzendariak. Hainbat zinemagile, Hollywoodera egin eta han erdipurdiko pelikula komertzialak egitera behartuta egonik ere, sikiera ofizioa ikasita itzultzen dira sorterrira. Antza, trikimailu merkeak desgaraitan erabiltzen ikasi duen bakarra da Hallstrom.
Nortasunik gabeko protagonista, zentzurik ez duten pertsonaiak —pelikulari izena ematen dion hipnotizatzailea bera, polizia afaltzera gonbidatzen duen erizaina, edo bizirik irtetea lortu duen alaba, bakar batzuk aipatzearren—, egoera inkoherente eta sinesgaitz kontaezinak, erritmo narratiboaren nozio eza, familia giroko amaiera penagarria… Gehiegi dira thriller triste honek dituen gabeziak, baina den-denak ez ziren hemen kabituko. Gainera, filmak dituen hutsune generiko handiak estali nahian, Wes Craven edo John Carpenter dela sinetsita odola majo erakustearen aldeko apustua eginen du.
Thriller bat dela esatea ere gehiegitxo, inolako misteriorik ez duelako. Suspentsea ez da existitzen, aski baita hipnotizatzaileari galdetzearekin, hori pagotxa! Normala da gero Suediako poliziak hiltzailearen arrastorik bilatzeko batere esfortzurik ez egitea.
Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala
Tortura suediar erara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu