Diskoetxea: Pozoi Records.
Duela bi urte lehen lana argitara eman zutenetik, pausarik egin gabe Lainoland izeneko disko txikia argitaratu berri du Niña Coyote eta Chico Tornado bikote donostiarrak.
Las Culebras eta Zuloak taldeetan ibilitako Ursula Strongek eta Surfin Kaosen aritu den Koldo Soretek osatutako bikoteak, 2012an egindako crowdfunding kanpainaren bidez argitaratu zuen lehenengo diskoa, eta hura aurkezten jardun dute gaur arte, han eta hemen kontzertu mordoxka eskainiz.
Iaz Kalifornian [AEB] eta Mexikon egin zuten bira aprobetxatu zuten bigarren disko txiki honen grabaketa egiteko, eta egun libre bakarrean irarri zituzten abestiak, analogikoan, San Frantziskoko Faultline estudioetan; gerora hemen, Andoaingo Garate estudioetan, nahastu eta masterizatu zituzten, Kaki Arkarazoren laguntzaz.
Aurreko diskoko estiloari jarraituz, Kyuss, Fu Manchu, Black Sabbath eta Theme Croocked Vultures taldeen eragina nabaritzen da hemen ere, gitarra astunek eta bateria indartsuek rock eta stoner estiloko bost abesti borobil baitaude, geure etxeko entzungailuetara basamortuko haizea ekarriko dutenak. Diskoaren azala ere tankerakoa da, non Coloradoko arroila izan litekeenean suge bat ageri baita hildako orein bat jatear. Itxura ere, aurreko lanean bezala, zaindu dute beraz.
Tornado Warning! sarrerako abestiaren lehen sirena hotsekin ohartarazten gaituzte, izenak dioen bezala, badatorrela tornadoa, bateria doinuekin batera hasi eta hurrengo ia 17 minutuan iraungo duena, SF-ko azken gitarra punteoa amaitu arte. Laburra bezain intentsitate handikoa den lan honetan, ahotsari baino musikari garrantzi handiagoa ematen diote, eta horrek dakar jada horren bereizgarri zaien kantak pisutsuak izatea. Lainoland indartsua eta kalitatezkoa da, gitarra eta bateria bana abesti onak sortu eta jotzeko nahikoa diren adierazle; egiten dutena gustatzen zaiela nabari da.
Bost kantaz osatutako diskoan, hiru abesti propioz gain, bi bertsio ageri zaizkigu: Jimi Hendrix abeslariaren Foxy lady-k, eta Euskal Herrian izan dugun eta gaur egungo talde ugarirengan eragina izan duen postrock estiloko Dut taldearen Haize eza; azkenaldiko kontzertuetan jo dituztenean publikoa aztoratzea lortu dutenak. Aipatu kontzertu horiek ere biziki indartsuak izaten dira, gitarra astinduz eta bateriari egurra emanez; diskoan nabari den energia zuzenean bizi nahi duenak, beraz, ez luke ikusteko aukera galdu behar.
Aurreko lana bezala, etxetik atera gabe basamortura bidaiatxo bat egiteko disko ezin hobea da hau ere, musika entzungailuaren bolumena igo eta entzunaldi batek bigarren batera eramaten zaituzten horietakoa, guztiz harrapatzen zaituen arte.
Oraindik ere koioteek hegaz diraute tornadoen inguruan, Kaliforniako desertuan.
Niña Coyote eta Chico Tornado. 'Lainoland'
Tornadoa desertura heldu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu