'Tontolapiko eguna'
Konpainiak eta obrak: Cris-is (Home) eta Piensa en Wilbur (Fuego salvaje). Lekuak: Durangoko Aurora Abasolo parkea eta San Agustin kulturgunea. Eguna: apirilak 16.
Plan ederra eduki dugu Aste Santuko basamortuaren erdian Tontolapiko Egunaren kontura. Durangon errotutako Ganso & Cia konpainiak data hauetan antolatzen zituen Topaclown jardunaldiak orain arte, baina ziklo hori amaitutzat jo, eta formatu trinko honekin ekin dio aro berri honi.
Ganso & Ciaren Babo Royal paregabeak zabaldu du egitaraua —bere garaian komentatu nuen orriotan—, eta gero Kataluniako Toti Toronellek eman du Libelula izeneko lana eguerdian eta arratsaldean Ezkurdi plazako karpa txiki-txiki batean. Nik ikusitako emanaldi sorta Danimarkako Señor Stets orkestra-gizonaren Lonely Orkestar kalejirarekin hasi da, eta jarraian etorri da Kataluniako Cris-is konpainiaren Home antzezlana Aurora Abasolo parkean, han jarritako aulki denak beteta eta inguruetan ikusle asko zutik zeudela.
Izenburuari kasu eginez, ezkonberri eran agertu da bikotea, zorion betean eta etxeko bizimoduari ekiteko prest, baina lehen minututik jausi dira genero-banaketaren rol klasikoetan, senarra beti telebista ikusten eta fabada latak bata bestearen atzetik jaten eta emaztea etxeko lanei ilusioz emana. Baina dena atera zaio oker, eta horren kontura geratu da agerian estereotipo ezarriaren absurdoa. Emanaldian zehar gizonak ez du hitzik esan, baina emakumea zentzurik gabeko hizkera batean jardun da denbora guztian, ulertzeko moduko hitz bat edo beste han-hemenka tartekatuz.
Eszenografia eskematiko baina praktiko eta dibertigarri batean gertatu da guztia, eta ikusleekin izandako interakzioa lotsagabea bezain buruargia izan da. Erritmo sostengatua ez da inoiz moteldu, eta Cristina Solerren clown eta akrobazia gaitasunak funtsezkoak izan dira berez borobila zen emanaldia bikaintasunera eramateko.
Eguneko azken ikuskizuna—Fuego salvaje Piensa en Wilbur konpainiak eman du San Agustin kultur gunean, aretoa ia goraino beteta zegoela. Wilbur izeneko norbanakoa Victor Ortizen transposizioa da, eta berarengan elkartzen dira garai batean izan zen eliteko gimnasta —Espainiako txapelduna izan zen— eta bere oraingo ni-aren garbiketa egin nahi duen pertsonaia gizatiar artegagarria.
Rolando San Martinen zuzendaritzapean —dramaturgian ere kolaboratu du—, indar handiko emanaldia eskaini digu Madrilgo showman bikainak, ekintza fisikoak, gimnastika ariketa bikainak, gogoeta filosofikoak eta muturreko absurdoa une oro tartekatuz. Alde horretatik, esan dezakegu lan aurreratu honek performancetik, antzerki fisikotik eta clown adierazpenetik edaten duela, eta Wilburrek batzuetan Jim Carrey gogorarazi digula bere gorputz-ibileran, baina beste batzuetan gure Jabi Barandiaranen pertsonaia dentsoak ekarri dizkigula burura. Aurreko piezan bezala, eredugarria izan da publikoarekin izandako harremana, eta amaitutakoan ikusle askok zutik txalotu dute ideia eszenikoen tsunamia eta emanaldiaren kemen ikaragarria.