Artea. Kritika

Testuinguru galdua

2014ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Artea

Taxio Ardanaz: 'Egurre'

Lekua: Rekalde aretoa. Bilbo. Noiz arte: apirilaren 13ra arte.

Iranzu Antonaren erakusketaren ondoren Iruñean jaiotako beste artista baten txanda iritsi da Barriek 2014 programaren agendan: Taxio Ardanaz (Iruñea, 1978). Aurten ere Rekalde aretoko Kabinete Abstraktua deritzon sarrerako gunean antolatuko dira programaren erakusketa guztiak, kanpora begira Bizkaiko edo Bizkaian erroldatutako artista gazteen lana zabaltzeko asmoarekin.

Taxio Ardanazen azken urteak oparoak izan dira artearen ikuspegitik. 2008. urtean Artiumeko Entornos próximos erakusketan parte hartu zuenetik hainbat erakusketa eta egonaldi beka jaso ditu, besteak beste 2009. urteko Beijingo MA Studioko egonaldi beka, 2012. urteko Mexikoko Arte Bulegoko egonaldi beka eta 2013.urteko BilboArteko produkzio beka. Mexikoko egonaldi garaitik antzematen da azken urteetan Ardanazen lanaren oinarri bilakatu den kontzeptua: gatazka garai guztien irudikapen politikoa. Horrekin harremandurik, Mexikoko Iraultza eta Espainiako gerraren inguruan sortutako dokumentazioa erabiltzen du bere lanetan, prentsa edo historia liburuetatik ateratakoak, ondoren bere eguneroko bizimodutik ateratako irudiekin nahastuz.

Azken erakusketa hau paper gainean landutako pintura lanek osatzen dute. Artelanak multzotan banatzen dira, lerroa hausten duen bakarkako lan txikiago baten salbuespenarekin. Ez da erraza Ardanazen planteamendura hurbiltzea, pintura ezberdinetan sailkatzen zailak diren abstrakzio espresionistak irudi figuratiboekin nahasten baitira, gizakiaren edota antzinako zibilizazioen erreferentziak erakutsiz. Oinarrian gordetzen den definitutako historiaren gainetik, definitu gabeko errealitate bat ageri da, eta, guztiaren gainetik, arte prozesu trinko bat gailentzen da. Artea, giza existentziaren inguruko egia zabaltzeko dagoen sormen ekintza bat dela planteatzen badugu, ez litzateke inoiz ere existentzia hori imitatzeko tresna soil bat izan beharko, existentzia hori errealitate eta forma artistiko batekin hornitzeko bidea baizik. Ideia hori Ardanazek bereziki ondo lantzen du, eta, egoera nahiz garai askotako erreferente galduen nahasketaren bidez, bere sormenak protagonismo propioa eskatu eta ibilbide luzea garatzen du.

Bide horri jarraituz, artearekin eta sormen prozesuarekin behin eta berriz lotzen den xede edo helburuen eztabaida pizten da. Artista iruindarra txundituta gelditu zen 1938. urtean XV. Nazioarteko Brigadetako soldaduek hildako taldekideen omenez eraiki zuten monumentuarekin. Harekin baino, pertsona haiek eraikuntza txiki bat sortzeko eduki zuten beharrarekin. Historiako atal hori harremantzen da artistak gogoko duen beste kontzeptu batekin: pertsona edo kolektibo jakin batentzat kontrakoa den errealitate baten aurrean arteak behar konkretuei erantzun bat emateko duen ahalmena. Baina, non aurkitzen da behar hori Ardanazen lanetan? Haren beharrez hitz egiten ari gara ala erabiltzen dituen dokumentuekin lotzen diren gatazketako herrialde eta pertsonez? Zein da lan horien benetako testuingurua?

Gogoeta horretan barneratuz, Jonathan Meese artistaren lana datorkit burura. Tokion jaiotako artistaren iritziz, arteak ez du ez testuingururik ez historiarik behar, arteak ez baitu azalpenik behar. «Artea definitzea ez da beharrezkoa, eta hori ez da txarra, bizitza eta gizarteko misterioetako bat baita». Halere, haren instalazio askotan Wagnerrek, Hitlerrek eta Kieferrek sortutako mitologia alemaniarraren iturritik jasotzen du eragina, horren guztiaren bitartez mitologia berri bat sortuz eta, era berean, berriro ere hori txikituz. Testuinguru berrien garapena eta horien moldaketan oinarritzen da lan prozesu hori, eta, nolabait, Taxio Ardanazen kasuan, ibilbide bera ematen dela iruditzen zait, nahiz eta bi artistek garatzen duten lan prozesuaren emaitzak erabat ezberdinak diren.

Azken finean, artea tresna bat izan daiteke, gure mundua ezagutzeko erabiltzen dugun tresna bat, errealitatearekin aurrez aurre ipini eta bizi garen egoerari eta garaiari aurre egiteko bidea. Ardanazen kasuan, historiara hurbiltzen den testuinguru bat baino gehiago, gatazka propio bat erakusten du, artistak berak artearen errealitatearekin duen gatazka eta ikuslearengana pinturaren bidetik erakusten duena. Testuinguruak alde batera utzi eta artearen misterioan murgiltzen gaituen proposamen zoragarria ezbairik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.