'Hemen dragoiak daude'
Artista: Mikel Otxoteko. Lekua: Donostiako San Telmo museoa. Noiz arte: Urtarrilaren 7ra arte.Egia da munduarekiko dugun ezagutza edo harekiko perspektiba norberaren zirkunstantzia pertsonalek baldintzaturikoa dela erabat. Hau, ordea, askotan ahaztu egiten zaigu; edo ahaztuarenak egiten dugu, nahita edo nahi gabe. Gordetzearen errekurtsoa ere asko erabiltzen da; hitzak gordetzea, edo gorputza gordetzea, biek balio dute subjektibotasunak ezabatu eta egiantzekotasun neutrala proiektatzeko. Idazkera kokatuaz hitz egiten aritu nintzen orain dela gutxi lagun batzuekin: noiz eta nola kokatu idazlearen gorputza testu batean, hori zen kezka. Testu tipologien arabera errazagoa edo nekezagoa izan daiteke. Testu akademikoetan, adibidez, normalean gorputzak desagertu egiten dira guztiz, baita erakusketa aretoetan irakurtzen direnetan ere, gehienetan behintzat.
Erakusketetako testuak beti oso modu inpertsonalean idazteko joera dago, ustezko objektibitate bati erantzuteko edukiari protagonismoa emanez, eta edukiaren sorlekua edo sortze-gorputza ezkutatuz era berean. Komisariatutako erakusketetan, komisarioen lanen artean dago erakusketa aretoko testuak idaztea ere. Hau, ordea, gutxik dakite, eta, jakinda ere, ez da erraza izaten beti erakusketako komisarioak detektatzea. Komisariorik gabeko bakarkako erakusketa txikietan kontua gehiago konplikatzen da: artistak idatzi ditu testuak? Instituzioko norbaitek? Denetariko praxiak ematen dira, baina egiletasunak gutxitan izaten dira agerian eta gorputz pertsonal eta singularrak are eta gutxiago.
Hain zuzen, aspektu hau suertatu zitzaidan deigarri Mikel Otxotekoren San Telmo museoko Hemen dragoiak daude erakusketaren berri izandakoan. Erakusketako testuaren hasiera eta amaierak ohiko tonu instituzionala du, baina erdialdea, erakusketaren inguruko zehaztapenak aipatzen diren espazioa, koma artean idatzirik dago, eta jarraian, sinatua. Mikel Otxoteko bera da zuzenean eta lehenengo pertsonan ikusleari mintzatzen zaiona, erakusketaren muina den ikerketaren arrazoia esplikatzen diona, bere gorputza, edo izatearen zati bat bederen, testuan txertatuz, modu zintzo batez: bere ama du iturburu bere jakin-minak; edo zehatzago esanda, bere amak 1975a bitartean S. Pierre et Miqueloneko portuan grabatutako irudiak. Honek, erakusketa ikusteko beste posizionamendu batean ipintzen du ikuslea, bere subjektibotasunei beste batenak gehitzen zaizkiolako, egilearenak, erakusketako esperientzia baldintzatuz. Ez baita gauza bera erakusketa horrela aurkeztea, edo, besterik gabe, S. Pierre et Miquelonen oinarritutako erakusketa bat dela azaltzea.
Ezohiko izaera duen testu honek, ordea, erakusketan bertan nagusi diren ikus-entzunezkoen izaerarekin marruskatu egiten du, gehienak dokumentalaren estetikatik hurbil kokatzen baitira, eta sarrerako testuan hain presente zegoen gorputza, materialtasunik gabeko ahots huts bilakatzen da haietan. Kantitatean ere asko dira aretoko pantaila eta monitoreak, gehiegi akaso. Bata bestearen atzetik ikusita, hainbatetan, ideien errepikapen sentsazioa sortzen da; eta beste batzuetan, berriz, aurretik ikusitako ikus-entzunezkoari berriak gehiegizko aportaziorik egiten ez dion sentipena, erakusketa pisutsu eta astun bilakatuz zenbait unetan. Dena den, erakusketan lantzen diren gaien aniztasunak eta elkarren arteko zeharkatzeek sortzen duten konplexutasuna azpimarragarriak dira, eta instalazioak ideia ezberdin horien hautematean laguntzen du. Izan ere, bakoitzari bere espazio propioa eskaintzen zaio zama-ontziak gogorarazten dituzten burdinazko egitura eta kutxen artean; era berean, dispositibo hauek sortzen duten batasun estetikoak Otxotekok proposatzen duen testuinguruan murgiltzea errazten du.
Hala ere, erakusketako elementurik interesgarrienak panel argiztatuak dira, erakusketaren hasiera eta amaiera biltzen dituztenak espazioan entitate propioa hartuz. Sinpleak dira itxuran, baina potentzial handikoak. Kartelen antzera funtzionatzen duten testuak dira —testuak hauek ere—: hondo zuriaren gainean koloretako esaldiak daude izkiriatuta, Sant Pierre et Miquelonen bueltan elkar-gurutzatzen diren hizkuntzetan. Ikus-entzunekiko osagarri bikain bilakatzen dira —alderantziz ez bada—: inguru geografikoa biltzen duten konplexutasunei buruzko gogoetei paso ematen baitiete berehalako batean, eta erakusketa amaierari zapore ona erantsi.