KRITIKA. Opera

Testua bizirik, gorpuak barnean

Marta Garcia
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun

'Orgia'

Musika: Hector Parra. Zuzendariak: Pierre Bleuse (musika), Calixto Bieito (eszena eta libretoa). Abeslariak: Ausrine Stundyte (Donna), Leigh Melrose (Uomo), Jone Martinez (Ragazza). Orkestra: Ensemble Intercontemporain. Egitaraua: Pier Paolo Pasoliniren Orgia (1968) obran oinarritutako ganbera opera. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Ekainaren 24a.

Luze eta sakon pentsatu behar izan dut kritika honi nola ekin, xede dudan obra zaila baita ikuspegi guztietatik: Pier Paolo Pasoliniren Orgia antzerkian oinarritutako ganbera-opera berri baten bigarren emanaldia. 1968. urteko jatorrizko testuaren eranskin gisa, antzerkia masa-kultura borrokatzeko modu bat zelako ideiari eutsiz, Pasolinik honakoa idatzi zuen: «Erraza den antzerkia burgesa da objektiboki; zaila den antzerkia elite burges ikasientzat da; soilik oso zaila den antzerkia da demokratikoa». Argi dago Arriagan estreinatu den Orgia hau ez dela masak aise onartuko lukeen ekoizpena. Hori demokratikoa den ala ez beste espazio batean eztabaidatzekoa da.

Gizon batek bere buruaz beste egin du: emakume arropaz jantzita, sabaitik zintzilik, larruzko gerriko bat lepoan. Estertoreen artean botatzen du esaldia: «Azkenik, heriotza ongi erabili duen gizona». Hortik aurrera, erdiko klaseak jasandako zapalketa objektibo eta subjektiboen haragizko espresioak miatzen dira, hitzak eta gorputzak bat egiten dute halabeharrez. Bieitoren gidaritza eszenikoak maisutasunez bideratzen du tentsioa, bortizkeria fisikoan, gizarteak zein lotsak murriztutako begiradetan, erruak itota ere lehertzen diren imintzio lizunetan.

Hector Parra konpositoreak irudikatutako musikak zimurdurak gehitzen dizkio obraren ehundura latzari, kontraste biziak sortuz eta testuaren indarrean sakonduz. Eta badira une lirikoak ere, esaterako, artxilauteak errezitatuak sostengatzen dituenean. Pierre Bleuseren zuzendaritza finak zein bakarlariek ardura handia izan zuten horretan. Ausrine Stundyte aparteko artista da: gorputzaren keinu txikienetan ere osotasuna biltzen du, sentimendu konplexuenak azaleratzen ditu bere erregistro oparoa beti betea mantenduz. Leigh Melroseren ahotsaren intentsitate eta gorpuztasunarekin batera, bikote bikaina osatu zuen. Jone Martinez ere paregabe, tragediaren gehigarri zorigaiztokoa.

Kritika amaituta, oraindik ere luze eta sakon pentsatu behar dugu: tabuez, heriotzaz, indarkeriaren balioaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.