KRITIKA. Zinema

Teresaren lagun jostalaria

Beñat Eizagirre Indo.
2016ko urriaren 29a
00:00
Entzun

'Teresa eta Galtzagorri'

Zuzendaria: Agurtzane Intxaurraga. Herrialdea: Euskal Herria.Iraupena: 70 minutu.

Beldurrezko Astean animazio japoniarraz gozatzeko aukera izan ohi da, baina badira haurrentzako animazioko filmak ere. Aurtengoan bi produkzio estreinatuko dira, euskaraz bikoiztutakoak, gainera: Agurtzane Intxaurragak zuzendutako Teresa eta Galtzagorri euskal ekoizpena batetik (2016), eta Lotte eta harri bitxien sekretua (Heiki Ernits eta Janno Poldma, 2011) bestetik. Irungo Dibulitoon estudioaren lan berria da Teresa eta Galtzagorri, eta zoragarria dela aitortu behar da. Atsegina eta polita da, benetan. Hunkigarria ere gertatzen da une askotan, eta edonori irakaspenak helarazteko garaian entretenigarritasuna ezinbesteko osagaia dela erakusten digu.

Haurrentzako eta gazteentzako lanetan ez da erraza izaten sormenaren eta balioen arteko oreka aurkitzea, baina, jakina denez, ez du ezertarako balio ongiaren aldeko erretolikak ikusleak aspertuz gero. Kasu honetan, istorioa batere originala izan ez arren, primeran betetzen du helburua, ikusleak poltsikoratzeko gai baita. Izan ere, familian une dibertigarri bat igarotzeko aukera paregabea eskaintzen du.

Agurtzane Intxaurraga, Patxi Pelaez eta Mai Egurzak sortutako Teresa eta Galtzagorriren istorioek liburuen orrietatik pantailara jauzi egin dute, eta emaitza apartekoa da. Teresa 8 urteko neskato bizkorra da, eta, bere adineko haurretan ohikoa den moduan, ez ditu helduen jokaera asko ulertzen. Neskatoak jolas egin nahi du, mundua bere erara deskubritu, alegia, baina amak —bikotekiderik eduki ez arren ama izatea erabaki duen emakumeak— errieta egiten dio maiz. Baina Tim izeneko galtzagorri batekin egingo du topo, eta sekulako abentura izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.