'Dardara'
Artista: Pello Irazu. Non: Bilboko Carreras Mugica galerian.Noiz arte: Martxoaren 3ra arte.Azkenaldi honetan Euskal Eskultura Berriaren itzala puri-purian dagoela antzematen da euskal panorama artistikoan. Gasteizko Artiumen, Elena Mendizabal eta Juan Luis Morazari eskainitako erakusketak horren adierazle diren bezala, Bilboko Carreras Mugica galeriak Pello Irazuren Dardara erakusketa aurkeztea bada ere irakinaldi horren erakusle. Alabaina, artistaren atzera begirako erakusketa aurkeztu ezean, oraingoan, Irazuren sorkuntza berriko pieza eskultorikoak bildu dituzte Bilboko galeriaren erakusketa areto nagusian. Ikuspuntu eskultorikotik abiatuz, koloreen, materialen, formen, eskalen eta espazioaren uztartzea helburu nagusi izanik, norbanakoaren pertzepzioen loratzea bultzatzen duen mostra da Irazurena.
Artistaren erakusketetan ohikoak izan dira pieza eskultorikoen eskalen artean sortzen diren harreman hierarkikoen arteko jolasak eta hartu-emanak: eskultura handiak, ertainak, txiki-txikiak. Eskalen jolas hori eraldatu du, oraingo honetan, Irazuk, eskultura gehienak tamaina berekoak baitira. Beraz, non sumatzen da eskalen arteko saretze hura? Zertan datza? Bada, erakusketa aretoan, muralen monumentaltasunean, eta eskulturaren zein ikuslearen gorputzaren txikitasunean.
Aretoan dena dago lotuta; izan ere, geure gorputza, geure begirada, geure pertzepzioak, irudimena... espazioak eusten dituen elementuekin lotzen baitituzte etengabeko tentsioan mantentzen diren hari ikusezinek. Hortxe dago gakoa; eskulturen, muralen, assemblage-en, collageen, pinturen eta gure gorputzaren arteko harremanaren tentsioak espazioan sortzen duen dardaran, hain zuzen.
Eskala txikiko eskulturak gure gorputzaren parean aurkezten zaizkigu, idulkirik gabe, lurrean zuzenean ezarriak. Material eta kolore askotakoak izanik, horiek markatutako mugak lausotu eta elkarren artean fusionatzen dira aretoan topatuko ditugun elementuak, ukitu bakarrean desegin daitekeen bateratasuna azaleratuz. Gainera, horien instalazioa ez da zorura mugatzen, hormetan zintzilik dauden pintura eta collageen artean paretari bizia ematen dioten pieza eskultorikoak baitaude. Aluminiozkoak eta egurrezkoak dira murrutik irteten diren erliebe eskultorikoak, materialaren nortasuna ezkutatzen duten pintura lau eta argiz margotuak gehienak, laranjak, gorriak, arrosak.
Bai zoruko bai murruetako piezen morfologiak geure irudimenari egiten dio dei; alde batetik, ezagunak zaizkigun forma sinplifikatuak sortzen dituztelako, eta, bestetik, egunerokotasunerako elementuek konposatzen dituztelako, aulkiak esaterako. Ondorioz, ezinbesteko elkarrizketari bide ematen diote eskulturok. Eserlekuek beren jatorrizko nortasuna atzean uzten dute, beste objektuekin bat eginda figurazioaren eta abstrakzioaren bitartekari diren elementu hibrido bihurtzen baitira. Kartoizko kutxen ezaugarriak mantentzen dituzten altzairuzko figurak ere anbiguotasun horren seinale dira. Beraz, horietako bakoitzak eskatzen duen interpretazio prozesuak harrapatzen gaitu. Objektu bakoitzaren nortasuna begi-kolpe bakarrean argitu ezean, hausnartze eta argitze bide sakonean barneratzearen zirrara sortzen baitu horrek. Ikusten denaren eta ikusezina denaren arteko tirabirak argitara ateratzeko aukera ematen digu, beraz, Irazuren instalazioak.
Paretatik irteten diren erliebe eskultorikoekin kontrastean, murruan arrakalak sortzen dira, eta arraia beltz luzeek mostrako bi murru zeharkatzen dituzte. Parean dauden murru zuriaren eta murru horiaren gainean ingerada beltzak, lauak eta lodiak, horizontal eta bertikalak daude. Piet Mondrianen konposizio geometrikoak oroitarazten dituzten bi mural monumentalek hornitzen dituzte murruak, baina, margolariaren xede mistikotik at, efektu optikoaren plastikotasunean murgiltzen gaituzte. Izan ere, zuzenean erakusketa aretoaren nortasuna finkatzen duten elementuekin elkarrizketak sortzen dituzte muralek. Honela, bada, sabaiko habeak eta egitura sostengatzen dituzten zutabeak margotutako hormen oihartzunak dira, eta, modu horretan, galeriaren areto nagusiak berak ere erakusketaren ezinbesteko ezaugarri izateko onura dauka. Hierarkia jolasean handiena da hura: hari ikusezinek sortzen dituzten etengabeko tentsioak eusterakoan dardaran dagoen erakusketa aretoa, alegia.