Donostiako 50. Jazzaldia. KRITIKA. Donostiako 50. Jazzaldia

Tenore oneko saxo tenorea

2015eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Benny Golson Quartet

Lekua: Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Uztailak 24.

Ezin inork uka Golson jauna jazzaren historiako orrialde pisutsuenetako bat dela, aurreko mendeko 50eko hamarkadaren atalean jazzeko liburua zabaldu eta hortxe agertuko baitzaio edonori, ezbairik gabe. Zirrara sortzen du Kursaaleko agertokian sartzen ikusteak, niri behinik behin. Philly Joe Jones, Lionel Hampton, John Coltrane, Max Roach eta ezin ahantzi, Clifford Brownekin be boparen garaietan ordu arteko swingaz gaindi mugak zeharkatu zituen musikaria izan genuen aurrez aurre. Beste garai batzuetako modak zein janzkera bitxiak alde batera utzita azaldu zitzaigun, laranja koloreko kamisetarik arruntena soinean eta akreditazioa kolkoan zintzilik, apal askoa. Zoragarri hasi zuten kontzertua laurek, txartxoak baitira beste hiruak ere! Joan Monne (pianoa), Ignasi Gonzalez (kontrabaxua) eta Jo Krause (bateria). Horizon ahead, 32 konpasetako estandar ezin politagoa hasteko. Gustura ibili ziren AABA formadun kantuaren zokoetan barrena. Igarri zitekeen ondoren eskainiko ziguten errepertorioaren nondik norakoa, ehunka pieza baino gehiago konposatu ditu Golsonek eta badu non aukeratua. Whisper not, Killer Joe eta I remember Clifford kantu ezagunak jarraian. Makina batek grabatu eta jo izan duten doinu sortaz gozatu genuen atzokoan, baina egilea bera pare-parean ari zitzaigula. Azpimarragarria izan zen hirukoteak nolako goxotasunez lagundu zion izarrari. 86 urte izanik, besoa eskaini zioten kontzertu osoan, musikaren mesedetan beti, gazteagoen bulkadak batzuetan bestelakoak baitira. Samurrak irudiak, leuna swinga. Golsonek atseden hartu zuen une hartantxe ekin zion jazz hirukoteak barruko sugarra eta erritmo biziak askatzeari, All the things you are estandar korapilatsua bezain galanta egin zuten. Biziki txalotu zuten ikusleek bateria jotzailearen lana, besteak beste, benetan miresgarriak baitira beti Krauseren abileziak. Amaitzeko, Benny Golsonek Stablemates eta Blues March-ekin agurtu gintuen, baita guk bera zutik txalotu ere. Nire buruan nebilkien pentsamendua berriz, hauxe: Frantzian haurrek frantsesez nola egiten duten harritzen nauen bezainbat harrituko ninduke nire aitonak —Benny Golson balitz— saxo tenorra horrela joko balu, bai laurdena ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.