Hologramak, sexukide birtualak, Oftal betaurrekoak... etorkizun hurbil batean. Hori da Katixa Agirrek argitaratu berri duen eleberrian osatu duen unibertsoa. Zer den birtuala eta zer errealitatea zaila da bereizten fikzio espekulatibo honetan, eta lausotasun horretan oinarritzen da, hain justuki, liburu honen gako nagusietako bat.
Izenburutik beretik adierazten da errealitateen arteko gurutzaketaren ideia, eta istorioan zehar errepikatzen da errealitatearen mugak auzitan jartzearena. Ez dira horiek soilik, ordea, eleberrian elkarren artean nahasten diren elementuak: iragana eta etorkizuna, generoari buruzko hausnarketak, amatasunari eta aitatasunari buruzko usteak, errefuxiatuak, hezkuntza, turismoa; elkar txirikordatu eta fusionatzen dira. Mundu hibridoa da, beraz, Berriz zentauro-n agertzen dena, hori testuaren forman bertan islatu ez arren, eleberriaren generoari heltzen baitio zuzenean, hibridazioetan sartu gabe.
Nahiko argi geratzen da hasieratik: istorioa guk ezagutzen dugun munduan kokaturik dago, gure garaitik ez oso urrun, gaur egungo erreferentzia ugarik bere horretan irauten baitute. Hau da, eleberrian heldu diren pertsonaiak gaur egunean ume lirateke, gutxi gorabehera. Hori da Paula protagonistaren kasua, zeinak lan egiten duen errealitate birtualeko enpresarentzat bidaiatzen duen Parisera, Mary Wollstonecrafti buruzko informazioa biltzera. Etorkizun hurbil horretan teknologiak berebiziko garrantzia du, eguneroko edozein ekintza haren bidez gauzatzeko aukera izaterainokoa. Hala ere, errealitate birtuala tartean jarri arren, gizakiaren oinarrizko pultsioek antzerakoak izaten jarraitzen dute: sexua, jakin-mina, ugalketa, hezkuntza.
Hori dela eta, teknologiaren garapenaz gain, gutxi dira Agirrek planteatzen duen gizartean aldatzen diren auziak, eta, alde horretatik, ausardia puntu bat du faltan eleberriak. Zientzia fikzioaren posibilitateetan arakatzeko, mundu berriak irudikatzeko aukera baliatu ez balu bezala. Adibide bat jartzearren, genero zurrunen arteko transgresioa agertzen bada ere (emakumezko ugarik gizonezko abatarrak darabiltzate errealitate birtualean), oso modu binaristan planteatzen da auzia, feminitate eta maskulinitate klasikoak gorpuztuz. Hala ez denean, etorkizun modura planteatzen diren gazteei dagokienez, guztiak dira androgino, generoa belaunaldi batetik bestera abolitu balitz bezala; gatazkan edo lokatzetan sartu gabe.
Esan bezala, Mary Wollstonecraft da eleberriko gako nagusietako bat, Paularen doppelgänger gisara funtzionatzen duena. Laneko aitzakiaz gain, tarteka agertzen zaion bidelagun intimoa da, kontraesanak eta bizi-hautuak auzitan jarri eta protagonista estutzen duena. Biak gurutzatzen dituzte feminismoaren eta generoaren inguruko hausnarketek (Paulari bere abatar maskulinoaren erabilera problematizatuaraziz), 1789ko iraultzaren nondik norakoek (Paula Max Doxekin elkartu eta anti-unibertsitatearekiko dituen jarrerak berrikusiz), amatasunaren dilemek, maitasun-harremanek dituzten gorabeherek... Alabaina, hori guztia etorkizunera jauzi egin gabe konta zitekeelako sentsazioa geratzen da, oro har, nahiz eta eleberriaren proposamena bera originala izan.
'Berriz zentauro'
Teknologiaz harago zer
Idazlea: Katixa Agirre. Argitaletxea: Elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu