Elena Mendizabal eta Erramun Landa
Lekua: Lumbreras Galeria. Bilbo Noiz arte: maiatzaren 10a arte.
Sarritan egiten duen eran, Lumbreras galeriak bi erakusketa aurkezten ditu aldi berean, areto nagusian bata, sotoan bestea. Biak dira euskal artistak, belaunaldi berekoak eta unibertsitateko irakasleak. Aurkezten duten obra ezberdina dugu oso —antagonikoa ez esatearren—, baina baita osagarria ere: oparo eta koloretsua Elena Mendizabalena (Donostia, 1960); soil eta espirituala Erramun Landarena (Ea, 1958). Artegintza ulertzeko ikuskera eta emaitza apartak biak ala biak.
Hamalau obra aurkezten ditu guztira Mendizabalek: pintura-collageak, eskulturak eta argazkiak, eta denetariko materialak erabili ditu horretarako. Besteak beste, altzairu herdoilgaitza, olioa, papera, beira zein aironfixa. Euskal Eskultura Berria deritzonaren ildoan eskultura tradizionaletik ihes egin guran, ohikoa duen ildo konstruktibista jarraitzen du Lumbreraseko azken lanetan artista donostiarrak.
Aretoaren ezaugarri eta eremura —eskailerak, barandak, zutabeak, zurezko lurra— bikain egokitzen dira piezak. Neurriz. Ez baitute ikuslea kikiltzen. Alderantziz; ondo hartzen dute, multzo uniformea agertzen dute eta, ahots ezberdineko koroa legez, espazioarekin nahasiz. Neurri batean, site specific pieza bat balitz bezala, erakusketa espaziora egokitu dira lanak, osotasun batean.
Ondo zehaztutako desordena itxurazkoan elkartu eta konbinatzen ditu material ezberdinak artistak, eta kutsu narratibo argia ematen dio piezen multzoari ——artistak bere burua ileorde urdinaz erretratatzen duen imajinen bidez, batez ere—. Proposamen artistiko bisual eta aberatsari teatraltasun eta barrokismo kutsua ematen diote pieza batzuen ehundurek, aretoko itxurazko sartu-irtenek, ispiluen isla jostalariek, adierazkortasunak, forma zigi-zagatsuek eta joko optikoek. Bestalde, aspektu metaforiko eta poetikoari helduz, forma hutsaz harago, egunerokotasunaren alderdi kitsch-enaren baitan, poetikotasuna identifika daiteke autorretratu legez ulertu behar den Mendizabalen eskultura instalazio konstruktiboan.
Introspekziorako babesleku gisa, monasterio bateko kripta isil eta bakartia bailitzan, Erramun Landak (Ea, 1958) ur tinta teknikaz egindako formatu karratuko 16 grabatu daude, 50 zentimetro ingurukoak, beheko aretoan. Urteotan garatutako bakarkako bilaketaren eta ikerketaren fruitu, forma eta koloreen arazte prozesuaren emaitzarekin, teknika piktorikoaren azken mugetaraino heltzen da.
Mendizabalen eszenaratze ikusgarriaren aurrean, errepresentazioaren ukapen muturrekoa gauzatzeko baliabide minimoak darabiltza Landak. Lengoaia zorrotza du, xehetasunez betetako kolore bakarrekoa eta forma kurbo bakoa. Kontraste finek eta noizbehinka laukizko konposizioa hautsiz mugimendu apur bat iradokitzen duten diagonalek ezaugarritzen dituzte grabatuok. Funtsean, beltz apurtuko abstrakzio geometrikoen aurrean gaude, izan ere, beltzaren ñabardura sotilek determinatzen dute koadro bakoitza. Eremu kromatikoen tonuak nekez bereizten dira lehen begirada azkarrean, baina hurreratuta —xehetasun eta pertzepzioarekin jolastuz— argiaren eta ikuslearen posizioaren arabera aldatzen dira piezok. Gainera, argi espektralak lagundua, muntatze neurritsu eta urriak grabatuak —benetan intimistak— bakarrik eta patxadaz ikusi ahal izateko giroa sortzen du.
Malevitxek lehen monokromoa gauzatu zuenetik, hainbat artistak landu dute margogintzaren oinarrietara heltzeko asmoa. Espresionismo abstraktuaren baitan sortu colour field painting joerako pintore batzuek hasitako prozesua darama aurrera Landak. Izan ere, artistak berak aipatzen dituen Oteiza eta San Joan Gurutzekoaren erreferentziez gain, margogintzan zentratuz, Barnett Newman-en edo Mark Rothko-ren —batez ere, hil aurrean Houstonen gauzatu kaperan— mistizismoa (neurri batean erromantizismotik bereganatu zutena), zein Ad Reinhardt-en Black Paintings seriearen espiritua eta haren emaitza piktorikoarekiko erlazioa identifika daitezke Landaren azken proposamenean.
Lengoaia piktorikoaren purutasunaren eta artearen esentziaren bilaketan pinturaz harago doa artista, erakusketaren izenburuak seinalatu legez: Harago. Eta ia-ia izaera auto-erreflexiboa eta izaera propioa lortzera heltzen dira piezak. Ez dute ezer irudikatzen, ez figurarik, ezta sentimendurik ere; bere baitan dute balioa. Hala, kontrako norantzan mugituz, egun artegintzan nagusi den espektakuluaren aurrean arriskatu, eta sakontasun eta adierazkortasun partikularreko piezak ondu ditu Landak.
Txanpon beraren bi aurpegi diren Elena Mendizabal eta Erramun Landaren erakusketa bikoitzaren aurrean —teatraltasuna versus soiltasuna— , txalotzekoa da, museoetatik at, egitasmo pribatutik garaiotan beti krisialdian bizi diren galeristek proposamen eskuragarri bezain sakonak aurkeztea.
Kritika. Artea
Teatraltasuna vs soiltasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu