Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azoka. Kritika. Antzerkia / Dantza

Szenatokiak

Higa taldearen Espazio hutsak antzezlana. BERRIA.
Agus Perez.
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Durangoko Azoka

Konpainiak: EliralE, Higa, Morritson eta Gartzia, Metrokoadroka, Karrika.

Lekuak: Durangoko eta San Agustin aretoa.

Egunak: Abenduak 5 eta 6.

Euskal Liburu eta Disko Azokaren harira zenbait emanaldi izan dira Durangon, eta haietariko lehena Euskal Kutur Erakundearen eskutik etorri zen Plateruena kafe antzokira. Pantxika Telleriak zuzendutako Gorpitz1 izeneko dantza lanak hainbat emanaldi izan ditu daborduko Iparraldean, denak ere aire zabalean, baina Durangokoa kafe antzokiko erdigunean egin zen, mahaiak eta aulkiak alboratuta eta bertan zeuden bezeroak ezusteko ikusle bihurtuta.

Izenburuak dioen bezala, gorputzak eta hitza elkartzen dira proposamenean, Mikel Ibargurenen olerkiak oinarritzat hartuta. Xede horretarako laukizuzen zuri bat paratu du Telleriak erdian, eta haren alboan aulki xume bat, bertan eseri dadin maitale abandonatuaren gogoetak esaten dituen aktorea. Egiatan, baina, mugimenduan ibiliko dira aktorea eta aulkia beste dantzariekin batera, laukizuzenean bertan eta inguruetatik, eta alboetako ikusleongandik hurbil, oso hurbil. Hurbiltasun horrek eta lau interpreteen maila eta engaiamendu ukaezinak itzelezko benetakotasuna eman zioten lanari Evilness taldearen rock indartsuarekin batera, eta ikusle guztien arreta bereganatu zuten, ezinbestean.

Biharamunean, Euskaldunon Egunkariaren jaiotza ospatzen dugun datan, lau antzezlan labur ekarri zituen EHAZEk San Agustin aretoko Szenatokia gunera. Emanaldiaren helburua, ordea, ez zen jatorrizko lanak osorik ematea, baizik eta euren laburpenak aurkeztea eta ikusleen jakingura piztea, tarteetako jan-edan estimagarriaren laguntzaz. Gaueko lehen piezaren ahalmen poetikoa —Higa antzerkiaren Espazio hutsak izenekoa— bere garaian jaso zen orriotan Donostiako Viktoria Club aretoan eman zelako, eta bigarrena —Morritson eta Gartzia: kultuzko antzezlana— norabide gizatiar eta garaikidetik ibili zen lagun alproja biren amodio malapartatuen kontura.

Dudarik gabe, Metrokoadroka sormen laborategiaren Arra, arraroa gaueko testurik kementsuena izan zen Iñigo Ortegaren antzezpen sendoaren eskutik eta baita ere Oier Guillanek gizontasunari buruz egindako gogoeta sakonari esker. Laugarren ekitaldian, azkenik, Durangoko Karrika talde amateurrak Lurra astinduz lanaren zati bat eskaini zigun. Antzezlanak Durangoko bonbardaketaren osteko egunak jasotzen ditu, eta alde zaharreko kaleetan estreinatu zen urriko gau batean Txotxe Anduezaren zuzendaritzapean. Oraingoan bere irudi plastikoen indarra eta herriko euskararen doinua dastatu genituen hogei minutuz, baina badirudi udaberrian emanaldi osoa eskainiko dutela ostera ere eta nik uste dut gertakizun seinalagarria izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.