Molly Nilsson
'Un-American Activities'
Diskoetxea: Dark Skies Association, Night School
Lion Feuchtwanger idazle eta poeta alemaniarra erregimen nazionalsozialistaren aurkako lehen aktibistetako bat izan zen 30eko urteetan, eta aktibismo horren ondorioz, Frantziara erbesteratu zen, baina naziek Frantzia okupatu zutenean, Ameriketako Estatu Batuetara ospa egitea lortu zuen itsasontziz. Bertan eman zituen bere azken urteak, emaztearekin; hain zuzen, Los Angelesen kokatutako Villa Aurora eraikinean, zeina 1995etik artistentzako erresidentzia bilakatu den. Bada, Molly Nilsson musikari suediarrak geraldia egin du eraikin horretan, bai eta hamaikagarren lan hau idatzi eta grabatu ere, bere osotasunean.
Nilssonek betidanik islatu ditu bere ideia politikoak bere grabazioetan; esaterako, ezaguna da streaming-plataformekiko agertu duen kontrako jarrera. Ikuspegi kritiko horren harira, Feuchtwangerren bizitzarekin obsesionatu zen Villa Aurorako egonaldian, Un-American Activities honen zati handi bat alemaniarraren inguruan ardazteraino.
Obsesio hori synth-pop kutsuko Excalibur doinuan nabarmen agertzen da, idazle alemaniarra Marseillatik New York hirira eraman zuen itsasontziaren izena baitzen Excalibur. Era barean, izenburu militarizatua haizatzen duen Jackboots Return (Bota altuen itzulera) kantuan, AfD Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturreko alderdiaren goraldiaz ari da suediarra. Hautu politiko hori disko osoan antzeman daiteke, gordinki, besteak beste, The Communist Party (Alderdi Komunista), Red Telephone (Telefono gorria) edo Palestine. Somewhere Over The Rainbow (Palestina. Nonbait ortzadarraren gainean) abestietan.
Musikari dagokionez, Mollyk aurreko lanetan erakutsitako ezaugarriei atxikita jarraitzen du; hau da, sintetizadoreek bultzatutako pop giro onirikoak gailentzen dira grabazioan. Haatik, badira zenbait aldaketa, azaletik hasita, orain arte zuri-beltzean inprimatutakoak baino ez baititu erabili. Diskoan entzuten diren spoken-word trazak nobedade horien artean daude. Horren erakusle The Beauty of the Duty doinua da, non Mollyk McCarthy senatari estatubatuarraren garaiko testu antikomunista bat irakurtzen duen, techno erritmo errepikakorrekin. Hori guztia dela eta, Mollyk orain arte plazaratu duen lan anitzena ere bada.
Diskoaren ekoizpenaren harira, musikari suediarra bikain aritzen da fidelitate baxuko produkzioetan, eta alde horretatik ere nahikoa artisau jardun du oraingoan ere, betiere, grabazioa bere gain hartzen duela bere osotasun guztian.
Horiek horrela, pop disko gozoa da, baina baita hotza ere, gehienbat kantuetan jorratzen dituen gai politikoak tarteko —sintetizadoreek ere tonu ilun eta polarra erasten diete kantuei—; hain justu, hori da Nilssonen ezaugarririk aipagarriena, hots, ametsetako pop eremuetara eramaten duela entzulea gai latzak, egungoak eta zeharo politikoak aztertzeko. Ez da gutxi, aparteko gaitasuna eduki behar baita horretarako; hala nola, egun Ekialde Hurbilean bizi duten egoera odoltsua zorroztasunez, baina, halaber, soinu-eztitasunez aletzeko.