'SUSTRAI'
Konpainia: ZirkuSS. Zuzendaritza: Lander Briones. Koreografia: Gil Harush, Maialen Alberro. Musika: Borja Anton, Musikeneko partaideak. Argiak: Jorge Urrizola. Artistak: Alexandre Sierra, Asvin Lopez, Dominika Krzymowska, Matthias Elgeta, Miren Barrena, Olivia Bernardo, Paloma Farga, Toni Gutierrez, Gema Garcia, Miguel Guillen. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Martxoak 20.
Donostian ditu sustraiak ZirkuSS konpainiak, eta berari egokitu zaio aurtengo dFeria ixteko ohorea. Konpainiak SS letrak nabarmentzen ditu izenean, garai batean –ez dugu esango zeinetan– Gipuzkoako autoek letra horiek zeramatzatelako matrikulan Francoren gustuko Donostiaren izaera espainiarra aldarrikatu nahian. Bilbon behintzat BI zeramaten autoek, Bizkaia salbatuta. Gasteizen, ordea, ez zegoen konponbiderik eta VI zekarten autoek, zenbaki erromatarretan seigarren alaba Gorka Knörrek zazpigarrena zela zioen arren. Nafarroa –NA– forala zen orduan ere.
Barka digresioa, eta orain harira: formatu handiko zirku eszenikoa aurkeztu dute ZirkuSS-ekoek, arte plastikoetan dabilen Miren Barrenaren ideia bati jarraituz. Hasi aurreko minutuetan adindu baten euskarazko ahotsean entzun dugu nolakoa zen garai bateko zirkua eta nolakoa zen hango bizimodua. Bitartean, Barrenak igeltsu zaku bat ekarri du besaulki-patiotik, eta artista bati igeltsatu dizkio bi besoak, zirkuan izandako istripuen omenez agian.
Anartean, ahots grabatua garai haietako lokatzaz eta piztien kirats sarkorraz oroitu da gehienbat –usaimenaren bidez gogoratzen ditugu gauzak askotan– eta gero entropia kontzeptua hasi da erabiltzen gure sorpresarako, eta oso ondo azaldu zertan den: entropia anabasarekin elkartzen dugu gehienetan, baina haren aburuz sistema baten konplexutasunarekin lotu beharko genuke, horrelakoa baitzen –eta baita– zirku bateko sistema.
Dena hasi da dantza-ikuskizun batekin, musika eta argi-efektuetan bilduta. Izan ere, dantza pasarteek pisu handia eduki dute emanaldian zehar, eta esan genezake haietan prestakuntza akrobatikoa nagusitu dela dantzari dagokion inspirazioaren gainetik, baina pasarte onak izan dira hala ere, eta ondo bete dituzte saioen arteko hutsuneak. Haietan interesgarriak izan dira konposizio akrobatiko estatikoak eta kontrargian sortutako artisten siluetak.
Zinta bertikaletatik eskegitako lehen bikotea izan da proposamenaren punturik indartsuena, ene ustez: emakume eta gizonaren arteko ariketak arrisku handikoak izan dira askotan, haragi-estilo markatuegia eta efektista baliatu duten arren. Gero etorri diren saio gehienak bertikaltasunari lotuak izan dira, dela sokatik dela oihal arinetatik eskegita. Trapezio ariketak ere arrisku handikoak izan dira eta bitarteko bezala biko eta hiruko giza dorreak baliatu dituzte. Ariketa horietarako paratu dituzten segurtasun koltxoi handiek pantaila bihurtu dira ikuste-efektu ikusgarri batzuetarako, eta uztai koloretsuekin aritu den neskak bikaintasuna lortu du bere jolasetan. Dantza akrobatikoaren azken duoarekin, ikusleen entusiasmoa etorri da eta irteeran ikustekoak izan dira sendikoek eta lagunek artistei eman dizkieten esker beroak.