'Begira zenbat argi, maitea'

Super bizitza

Alex Gurrutxaga Muxika.
2016ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Egilea: Annie Ernaux. Ilustratzailea: Xabier Aranburu. Argitaletxea: Igela.

Igelak 2002an argitaratu zuen Pasio hutsa lanak egin zuen Annie Ernaux gurean ezagun, eta ordutik egile frantsesaren hainbat lan argitaratu dituzte, hala nola, Gertakizuna eta Emakume bat.

Ernaux 1970eko hamarkadan hasi zen literatura argitaratzen, eta haren lehen lanetarik ikusten da autobiografiaren garrantzia. Nitasun argia da egileak paperera eramaten duena, ezkutaketan aritu gabe; alabaina, ni hori diluitu egiten da kolektibitatean —modernitate likidoaz mintza gintezke—. Horren adibide da Begira zenbat argi, maitea: non egon daiteke pertsona bat, ni ongi mugatua, supermerkatu batean baino difuminatuago?

Horixe da hemen kokagunea, superra, eta kontakizunaren muina egileak hara egindako bisitek markatzen dute. Liburuaren hasieran, saio moduan idatzitako sarrera labur interesgarria dago. Nola edo hala, supermerkatuaren soziologiarako ohar laburtzat har daitezke oharrok, aro postmodernoaren espazio esanguratsua baita zentro komertziala: horrek bizitza garaikidean daukan zeresana iradokitzen du Ernauxek. «Idatz liteke —esaten du— bizi-kontakizunik, noski, maizen joaten garen saltoki handietan barrena ibiliz». Halako kontakizun gogoangarria da, adibidez, F. Ozonen Sous le sable filmeko sekuentzia, zeinetan protagonista superreko pasilloetan promenatzen den, Barbararen Septembre nostalgikoa entzuten dugun artean; Ernaux, berriz, Dalidaren Come prima entzun zuen aldiaz gogoratzen da.

Sarreraren ondoren, eguneroko forma dauka testuak —2012ko azarotik 2013ko urrira—. Narratzailea behatzailea da funtsean, eta superrean ikusten duena eta horrek eragiten dizkion inpresioak adierazten ditu. Sarreran, Ernauxek esaten du adierazpenok «oharrik eta sentipenik gabe» egitera doala; alta, nahikoa da orri batzuk gehiago irakurtzea baieztapena gezurra dela ohartzeko: «Sutan nago, haserrea eta ezina direla medio»; «triste eta etsitua sentitzen naiz»; «honek amorrarazten nau gehiena»; «hipokrisia hutsa da».

Tramak ez dauka egitura klasikoa, eta tonua uniformea da, deskriptiboa. Indargune nagusia egilearen begiradan dago: begiratu ernea dauka Ernauxek, eta argi eta zorrotz interpretatzen du ingurua. Batez ere klase sozialei dagozkien oharrak aurki ditzakegu, aberastasunaz, gizon-emakumeen arteko desorekei buruz, eta, oroz gain, supermerkatuen funtzionamenduaz. Adibide bat: «Horra kutxa automatikoen perbertsioa: kutxazain arruntetan, langile geldoak bereganatzen du bezeroen haserrea [mantso ari bada]; hemen, bezeroak». Esaldiak eman dezake Ernauxen tonuaren berri. Gainerakoan, estilo xumez idazten du, anpulotasunik gabe eta jario orekatuan.

Harkaitz Canok Compro oro liburuko poema bikain batean iradokitzen duen bezala, antzinako arrantzalearen bakardadea transformatua da aspaldi: gaur, bakardadea, supermerkatuko hozkailuaren aurrean aurkitzen dugu, hamaika izokin zorroratu markaren artean aukeratu behar dugunean, galduta eta arrotz, argi zuri aseptikoen pean. Begira zenbat argi, maitea lanaren hasierako aipuan irakurtzen dugu: «Hain dira inpertsonalak neoiz argiztatutako hango eremuak, ezen ongizatetik adina dute alienaziotik».

Ernauxen liburua xumea da: eleberritik baino hurbilago dago saiakera eta ohar pertsonaletatik, eta balio estetiko puruari bagagozkio, ez da bereziki nabarmentzekoa. Baina gaiak eta berau behatzeko erak liburuxka oso interesgarria bihurtzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.