maite larburu
'Maizter'
Diskoetxea. Zart
Bai, ez izan zalantzarik, Maizter Maite Larbururen diskorik folkiena da; biluziena. Eskertzen den biluztasuna, gaineratuko nuke, horrek are ageriago, nabarmenago, uzten baitu hernaniarraren mundu pertsonal eta jostalaria. Arreta handiz, maitasunez, alez ale, josi du unibertso hori artistak, eta diskoz disko ikusi dugu loratzen, hazten, kolore eta mota askotako barazkiz, lekuz, pertsonaz betetzen: jori eta emankor. Egunerokoaren elementuek beste dimentsio bat hartzen dute mundu horretan (zergatik ez da izango kafe kikara bat euriak ekarritako itsaso beltzaren ale bat tximeletek surf egin dezaten?). Eta garai askotako emakumeen ahotsak topatuko ditugu han, soka hautsi ez den seinale. Zoo edo baratze intimo eta inpresionista xamarra da Larbururena, irudi hurbil baina enigmatikoz eta psikodelia folkiez beteta.
Gaitasun handia du musikariak, bai kantuan, bai konposizioan eta, jakina, baita musika tresnekin ere (gitarra, biolina...). Ausarki erakutsi du, eta modu askotara, aurreko lau diskoetan. Baina bosgarren honetan gauzak apur bat lasaiago hartu dituela esan daiteke, ziurrenik, ez duelako ezer erakusteko beharrik jada. Eta horrek mesede egiten dio kantu bildumari: heldutasun bare moduko bat dario, eta artista ohikoa den baino erosoago antzematen da entzulearen gozamenerako. Nabarmena da kantaeran, melodia askoren garapenean, kantuen moldaketetan eta grabatzeko aukeratutako instrumentazio eta moldeetan. Egin proba eta entzun bestela, biak segidan, diskoa irekitzen duen Maizter bizia eta azkena egiten duen Belar txarren abaroa balada puska. Maite Larburu da, noski, eta bere kantuei beti darie ezustekoren bat. Argi uzten du lehenengoak, baina zer plazera eragiten duen azkenekoan hain gozo kantatzen entzuteak.
Aipatutako bi erpinen artean dabiltza disko honetako beste kantuak. Adibidez, gitarraren arpegioekin eta ahots zuzenarekin, kantautoreen molde klasikoenean jantzita agertuko zaizkigu Genealogia, Erreka altzo eta Hi herorri legez. Maite Larburuk ohikoan erabiltzen dituen moldeetatik hurbilago dabiltza Zirrikitu baten, Trobairitz eta Jaio da Belenen kantu koloretsuak. Azkenik, Sukaldea eta Gertuegi atmosferikoagoak dira, eta badute halako ambient ukitu bat, musika elektronikoa barne. Ez, ez da erraz kikiltzen hernaniarra.
«Zoriontasuna etxe txiki bat da sukalde handi batean», dio kantariak Sukaldea kantuan. Hari horretatik tiraka, disko hau sukaldean ondu eta grabatutako diskoa dela esan daiteke. Eta hori da kantu bilduma honen laburpenik onena.