Literatura. 'Begiak zabalduko zaizkizue'

Sugeak dakiena

Idazlea: Irati Jimenez. Argitaletxea: Elkar.

2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Bi saiakera lan kaleratu zituen iaz Irati Jimenezek, Harkaitz Canoren Neguko zirkua aztergai duen Ogia eta zirkua, batetik; eta hauxe bera, bestetik, Begiak zabalduko zaizkizue izenburuko saiakera. Azpi-izenburuak ederto laburbiltzen du edukia, izan ere, literaturari buruzko saiakera soila bainoago, irakurlearekin izandako elkarrizketa da liburua. Edo horretarako gonbidapena egiten duen bakarrizketa, bestela.

Zoritxarrez, nahi baino saiakera literario gutxiago argitaratzen da gurean. Hau da, Akademiaren mundutik urruntzen diren eta idazkera bitarteko hutsera mugatzen ez duten literaturari buruzko hausnarketak urri dira. Talde horretakoa izateaz gain, Jimenezen liburuak ondo erakusten du saiakerak ez duela zertan umorearekin etsaituta egon, Terry Eagleton bezalakoen liburuek argi utzi bezala. Idazkera txinpartatsua, gatz eta piperduna baliatzen du autoreak, modu horretan malgutasuna, tenperatura emanez saiakerari, berak darabilen hitzarekin esateko. Liburuak literaturaz dihardu, bere on eta gaitzez, irakurtzeaz eta idazteaz, sistema literario baten gabeziez eta aukerez. Euskal literaturaren tripak azaleratzen dira batzuetan, adibidetzat bazter urrunagoak hartzen besteetan. Genesian, sugeak Evari eta Adami esandakoa gogoan hartuta —«begiak zabalduko zaizkizue!»—, gai ugari xehatzen ditu autoreak, akuilu eta helburu nagusi banarekin, nire irudiko: literaturarekiko maitasunak xaxatuta —hasi orduko aitortzen du berau— eta irakurlearen figura goratzeko asmotan.

Emaitza gorabeheratsua da. Esan bezala, idazkera freskoa da, oro har tonua ere bai, eta horrek laguntzen du irakurketan, autorearen beste asmoetako bat betetzeaz batera: literatura delako jardun serio horri kilimak egitea, hura zertxobait desakralizatzea, hautsa gainetik kentzea, egokiago luzitu dadin. Liburuaren indarguneetako bat autorearen zintzotasunean datza. Bere idazle ibilbidean oinarritzen da esaten dituen hainbat kontu esateko, bereak izan diren gatazkak aipatzen ditu, maiz ezkutuan, literaturaren soto ilunetan geratu ohi direnak azaleratzen ditu, bere haragitan bizi izandakoak baitira. Horrelakoei eta idazketa-prozesuaren inguruko bizipen pertsonalei atera diet zuku gehien. Arazotsuagoak dira, nire ustez, autorearen baieztapen absolutu zenbait, batik bat literaturaren teoriako kontzeptuen gainekoak. Literaturaren definizioez, generoez zein bestelako kontzeptu literarioez aritzerakoan, sostengu teorikoaren beharra sumatu dut, ez entziklopedismo apetatsuagatik, lanabes horien sendotasuna bermatze aldera baizik.

Horrez gain, hainbat iruzkinetan, epai orokorrez lagunduta doazenetan, batik bat, zehatzago jokatzea zegoela iruditu zait. Adibide bakarren batzuk ematen dira, jakina —Leteren eta Rilkeren poemen arteko konparazioa, esaterako, kitzikagarria da oso—, baina esango nuke horiek gehixeago garatzea esker lezakeela irakurleak, gai jakinetan sakonago aritzea, alegia. Baina sugeak Eva eta Adani sagarra nola, literaturaren unibertsoa eskaintzen die Jimenezek irakurleei. Badago beharra hel diezaioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.