Suediako haur literaturaren obra garrantzitsuena dela diote, eta munduko 100 onenen artean zerrendatzen dutenak ere badira. Hitz handiak, obra honi neurria hartzen hasteko.
Esku artean duguna, euskaraz jarri berria dena, ez da obra osoa, haren 64 orrialdeko laburpena baizik, eta gogoan har, originalak laurehundik gora orrialde hartzen dituela, bostehun ere bai, edizioaren arabera.
Labur adierazteko, Suedian zehar egiten den bidaia bat da, idatzi zen garaiko paisaiak eta herritarrak deskribatzen dituena, antzara talde baten eta haur sorgindu baten abenturen aitzakian idatzia.
Horretaz gain, ezaugarri nagusia haurrak izaten duen ikaspena da, balio moral zuzenei lotuak dauden zintzotasuna, adorea, ongiaren aldeko jaidura...
Oso interesgarria da ere nola animalien bizipenak animalia diren neurrian erakusten diren, euren izateko modu propiotik abiatuta, Bambi obran gertatzen den antzeko eran, animalia gizatiartuen ohiko ipuinetatik erabat beste aldera.
Laburpen hau trokelatutako orrialde ikusgarriz edertuta dator, originalak eskain dezakeen plazer narratiboa ordezkatzeko-edo.
HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Nils Holgerssonen bidaia miresgarria'
Suediako irakaspena
Idazlea: Selma Lagerlof. Moldatzailea: Kochka. Itzultzailea: Usoa Iñurrieta. Ilustratzailea: Olivier Latyk. Argitaletxea: Ibaizabal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu