Kritika. Artea

Subjektuaren hainbat errealitate

Naia del Castillo, erakusketako lanetako baten ondoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
2014ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
'Flujos'. Naia del Castillo

Lekua: Marzana Espazioa. Bilbo. Noiz arte: otsailaren 28ra arte.

Nor naiz ni? Non nago? Zer espero duzu nigandik? Hiru galdera horiek osatzen dute Naia del Castillo artista bizkaitarrak Marzana Espazioan aurkeztu duen azken erakusketaren muina. Bilbao Arteko produkzio beka eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzaren bitartez garatu du azken proiektu hori, eta, Flujos izenburupean, urak elementu gisa transmiti ditzakeen ezaugarri eta esanahien inguruan mintzatzen da; orokorrean, subjektuaren identitatearen eta horrek eduki ditzakeen hainbat errealitateren inguruko gogoeta interesgarria aurkezten du.

Artista bilbotarraren lanean, beti gorde ohi da gizartearen kritika bat, beti ere artistaren beraren esperientzia pertsonalean oinarriturik eta subjektuaren bitartez irudikatuta. Hainbat prozesuren bitartez, intimitate, gorputz, zapalketa, tradizio eta liluraren gaiak lantzen ditu, eta gure jardun, kontraesan eta gatazketara bideratu, eta, kasu honetan, prozesuan aldaketak egon badira ere, lortutako emaitzek gogoeta berberetara garamatzate. Uraren jarioaren inguruan eraikirik, horrekin batera hainbat emakume izan dira lan prozesuaren protagonistak. Bertan, emakume horiek ur jario baten azpian ezarri ditu artistak, eta egoera hori izan da lan prozesu guztiaren abiapuntua. Hortik, hainbat teknikaren bitartez landu eta eraldatu diren argazkiak sortu zituen, eta, ondoren, haiek moztu, editatu, pintatu, errepikatu edo tindatu.

Uraren erabilerak eta horren jarioak interpretazio ezberdinak gorde ditzake. Alde batetik, momentuaren iheskortasuna adierazten du, orainak duen aldakortasunaren adierazgarri. Bestalde, gure inguruak gugan duen eragina irudika dezake, hau da, gu blai egiteko edo guk hura xurgatzeko dugun beharra adierazi, eta, azkenik, hainbat erlijiotan erabili ohi den modura, gorputza eta arimaren garbitasunaren adierazgarri izan daiteke. Elementu horren bitartez, subjektuaren eraldaketa irudikatzen da, eta errealaren eta irrealaren arteko mugako jokoak pertsonaren askotariko identitateak gordetzen ditu. Zeren, azken finean, zein da subjektuaren benetako errealitatea? Gure barruan gorde dugun hori, gure ingurukoei zabaltzen saiatzen garena ala besteek gure inguruan sortzen dutena? Galdera zailak dira horiek, subjektuaren inguruko teoria filosofiko eta psikologiko garaikideek landuak eta gaur egungo gizaki eta gizarteak dituen gaitzen oinarri sendoak. Gure gorputza munduari aurkeztu beharra daukagu, onargarria eta desiragarria izateko beharrarekin. Horrek guztiak gizarteak subjektuarekiko ezartzen dituen estereotipoen eragina plazaratzen du, eta multzoak subjektuarengan eragiten duen onartutako indarkeria agertzen da, nahiz eta multzoa hainbat subjektuk osatzen duten.

Gatazka horiek aurkeztu ditu artistak azken erakusketa horretan. Espazioaren ezaugarriek aginduta lan gutxi ikus ditzakegun arren, oso mamitsuak dira, eta haietako bakoitza sortzeko erabilitako prozesuak landutako gaiaren inguruko hainbat perspektiba erakusten dizkigu. Paper gainean eginiko inpresioen bitartez sortutako irudiek, hainbat perspektiba bata bestearen gainean ezarrita, sortzen dute lehen konposaketa. Horren alboan, konposizioaren pintura erreplika bat dago, eta adierazten du subjektuak izan dituen eraldaketa horiek guztiak bateratutako identitate berri bat sortu dutela.

Horren alboko lanak, berriz, oinarrizko prozesua manipulatzen du: ur jarioaren azpian kokatzen den emakumeak bere aurpegiaren irudiekin sortutako mozorro bat erabili zuen, eta erretratuaren erretratua sortu. Manipulazioa digitalki ere egiten da, eta, sortutako erretratuetako baten irudiaren bitartez, hiru dimentsiotako objektu bat sortzen da. Lan batzuk irudi soilak dira, baina badaude hasierako irudia amaigabeki errepikatuz sortzen dituen beste lan batzuk ere, eta azaldutako gaiarekin lotuta daude guztiak. Denek gordetzen dute interes berezi bat, batzuek besteek baino gehiago, baina guztiak landutako prozesu serio eta emankor baten parte dira, artistak azken urteetan garatu duen ibilbidearen adibide.

Del Castillo (Bilbo, 1975) Arte Ederretan lizentziatu zen Bilboko fakultatean, eta, 2000. urtean, Arte Ederren masterra burutu zuen Londresko Chelsea arte eskolan. Ordutik egin duen ibilbidea aipagarria izan da, eta Injuve, BBK, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboarte eta AECIren diru laguntzak jaso ditu, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.