'Suak erreko ez balu'

Suaren artetik begira

Idazlea: Eneko Barberena. Argitaletxea: Txalaparta.

2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Suak erreko ez balu da Eneko Barberenaren nobela berria, (H)ilbeltza bekaren bidez berriki argitaratuta. Bekari dagokion legez, eleberri beltz petoa dugu. Genero beltzean kanonikoa den hiri eta inguru urbanoaren partez, baina, landa-eremua dakar orriotara Barberenak, Aezkoako ibarrean kokatua egonik. Kokalekua ez da edonolakoa, haranak berak ia-ia pertsonaia maila hartuko du-eta kontakizunean zehar, pertsonaien eta inguruaren arteko hartu-emana zein espazioarekiko erreferentziak giltzarri direla.

Ainhoa Sanz peritua da eleberriko protagonista, aseguru etxe batek Aezkoara bidalia urtebete lehenago gertatutako sutea ikertzera, non hiru lagun hil ziren. Eleberri beltzeko protagonistak ohi diren gisan, antiheroi betea dugu Ainhoa, «irabazten duen galtzailea», bere hitzetan esateko. Autoreak protagonistaren galbahetik eskaintzen dio irakurleari gizartearen isla, bere begi kontraesankorrez ematen du ikerketaren berri, lehenengo pertsonan eta orainaldian. Indar handia dute Ainhoaren bakarrizketek nobelan, edo, hobe esanda, ñabardurarik ñimiñoenari buruzko bere ohar zorrotzek, umore ukituz blaitutako gizarte erradiografiak, pilula eran emanak. Bizitasuna ematen dio horrek kontakizunari, baita irakurlea ebatzi beharreko kasuan hondorago sarrarazi ere, Ainhoarekiko enpatiaz-edo jokatzera bultzatzen baitu. Oro har, pertsonaiak dira nobelaren indarguneetako bat, trazu finez marraztu dituenez Barberenak, ez sakontasun ikaragarriz, baina bai narrazioaren tonuari mesede egiteko moduan. Horra hor, esaterako, protagonistaren txofer eta azkenerako laguntzaile den Joxe, edota bigarren mailako pertsonaia xelebre eta bizien multzoa. Horietako bakoitzak bere ukitua ematen dio kontakizunari.

Nobelaren beste alderdi gozagarri bat detaileekiko joera hori da, generoak hain berea duena eta bestalde protagonistaren izaerak berak markatzen duena. Gustagarria da Ainhoaren behaketarako grin aseezinean barneratzea; are, atsegin voyeur bat ematen du inguruaren disekzio materialak. Era berean, eleberri beltzaren izpirituari jarraikiz, bilbea dezente korapilatzen da nobelak aurrera egin ahala. Gehiegi, akaso. Espero izatekoa zenez, Aezkoan ezer ez da dirudiena. Sutearen lorratzari segituz, beste zenbait kontu zikinekin egingo du topo Ainhoak. Muino eta baso artean enpresa handi batek eraikitako meategiaren diruzalekeria eta Guardia Zibilaren mugaz gaindiko giza trafikoa. Hainbat gaitz eta gatazka garaikide azaleratuko ditu autoreak interes borroka horien bidez, hala nola ekologismoa naturan egindako esku hartzeen kinkan edo lehen sektorearen gainbehera. Esan bezala, bilbearen hari matazari gehiegizkoa deritzot, nobela beltza izanda ere sinesgarritasunari kalte egin baitiezaioke. Alabaina, bere helburua erdiesten du Suak erreko ez balu-k, irakurketa bizia eta suspergarria delako. Aezkoari ere ondo ematen dio beltzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.