Manett. 'Caravan'

Su txikian egosiak

2014ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Diskoetxea: Moonpalace Records.

Mimoz ondua, erritmo pausatukoa, gustu finekoa. Hartu Getxoko Manett laukoteak argitaratu berri duen Caravan disko berria eskuetan, erreparatu paisaia idor mendebaldetar horri, muino magaleko lautadan hazi den flora bakanari, ortzitik sendo jotzen duen eguzkiari, ukitu tentuz eskulanean egindako azala. Begiratu atzealdeari ondoren. Ez zara harrituko, noski, Moonpalace Records irakurtzen duzunean. Erabat kontrara, pentsatuko duzu: non bestela? Begi bistako kontua iruditu zait niri behintzat, diskoa osatzen duten hamabi kantuak entzunda, esatea taldea eta diskoetxea pasta berarekin eginak daudela, pentsatzea erabat zentzuzkoa dela orain hiru urte Suburbia lanarekin egindako hautu bera errepikatzea. Nekez imajina nezake bateratze aproposagorik.

Artisau lan zaindua da Caravan, ez soilik diskoa biltzen duen kartoizko zorro delicatessen-agatik, baita kantuak banan-banan patxadaz entzun ondoren uzten duen gorputzaldiagatik ere. Aurreko lanean bezala, orain ere antzematen zaizkie 60ko hamarkadako Neil Youngen oihartzunak, baita Will Oldhamenak ere —Bonnie Billy Prince—; baina edozein unetan gai dira folk kutsua edo americana estilokoa utzi eta erregistro berriagoetara jauzi egiteko, Teenage Fanclubekoen pop doinuetara batzuetan, Neil Halstead buru duen Mojave 3 bezalako talde baten doinu azukretuetara besteetan. Ongi neurtutako kantuak dira, ez alferrikako zatirik, ez soberakin bestelakorik. Ahots nagusia are limurtzaileago bilakatzen duten koroek eta oinarrizko instrumentazioaren gainean tartean behin agertzen diren gitarrazko, teklatuzko eta tronpetazko konponketek kalitate printzak gehitzen dizkiote seguru asko biluzik ere ongi funtzionatuko luketen kantuei. Izan ere, entzuleak sentitzen du denboraren iragazkia igarotako abesti sorta baten aurrean dagoela, presarik gabe baina dedikazio handiz landutako piezak direla, eta, su txikian egositakoari zor zaionez, mantso dastatu behar dituela, arreta handiz, behin eta berriro, ezerk ihes egin ez diezaion.

Izan zezaketen arriskua, ingelesez deus gutxi hitz egiten den herrialdean bizi arren hizkuntza horretan kantatzeko hautua egiten duten talde gehienen antzera, beren erreferenteen ahalik eta soinurik antzekoena bilatu nahi hutsean gelditzekoa, estetikatik landa ekarpen gutxi egitekoa, sinesgarritasun falta nabaria transmititzekoa. Ez zait iruditzen Manett hor erortzen denik, ordea; ezta gutxiago ere. Hitzetatik harago, beren zuzenekoei darien benetakotasuna diskoan harrapatzea lortu dutelakoan nago, eta, arrakasta handiz, entzule honi behintzat irribarreren bat aterarazi diote alaitasun barezko doinu atsegin horiek; esan nahiko baliote bezala: tira, batzuetan gauzak ez direla errazak, baina nola edo hala egingo dugula aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.