Inoren Ero Ni eta Wiliis Drummond
Noiz: Martxoak 1, osteguna. Non: Donostiako Gazteszena aretoan.
Okene Abrego gure musika aretoetan ariko ez balitz, bera bezalako norbait asmatu egin beharko litzateke. Oholtza gaineko piztia da, gurean parekorik ez duena. Eskarmentua, espazioaren menderatzea eta nortasuna ditu makulu. Makuluarekin, eta kapela dotorea buruan zuela agertu zen oholtzaren gainean, zeremonia gidari modura, behialako transformisten gisara, Fregoli estimatu haren tankeran. Oholtzaren gainean transformatu egiten da Inoren Ero Niko kantaria, front-man-a. Makulua eta kapela airera bota eta dantza mugimendu erritmikoan aztoratuko da. Ertzetik ertzera, eta publikoari bizkarra emanez mugituko da Ertzak kantu izugarrian, eta publikoarengana hurbilduta eta agertokian eserita poeta galduaren gisara ia errezitatuko du Introducción a la infidelidad. Fregoli diskoko Bi ziba ero lehen kantuarekin kontzertuari sarrera emanez taldea ziba baten moduan biraka jarri zuen bere inguruan. Sua hartzen dutenen atzetik kantatzen duen unetik aurrera kantu horrek su hartzen du. Eta su hartu zuen kontzertuak berak.
Tempo aldaketak, bateria erritmo bihurriak, gitarra riff ñabarduraz beteak izan ditu ezaugarri Inoren Ero Nik. Fregoli-rekin ugaldu egin du errepertorioaren erritmo eta melodia sorta. Aberatsagoa da kantutik kanturako kontrastea. Borja Iglesias gitarra jotzaileak (izugarri, kontzertuan) eta Mariano Hurtado baxu jotzaileak (Canto de un fúneral bitxian arazo txiki batzuk izan zituen Abregorekin batera kantatzean) primeran elkar loturiko bikotea osatzen dute, eta Iñaki Guantxe bateria jotzaile berriak duintasunez ez ezik distiraz (zenbat piezatan bere ukito rock-and- rolleroagoa emanez) bete du Mikel Abregok utzitako hutsune erraldoi zena. Silikona mezuz beterikoarekin amaitu zuen emanaldia Inoren Ero Nik. Erakutsi zuen ez dela silikonazko taldea, benetakoa dela.
Benetako rock taldea da Willis Drummond ere, zuzenean asko transmititzen duena, indar handia azaltzen duena, kideen jarrerarekin eta bolumenarekin batez ere,baina ezustekoak emateko hainbesteko dohainik ez dauka oraindik. Efikaziaren eta kontraste faltaren artean kulunkan ibili zen ostegun gaueko emanaldian.
Kritika. Musika
Su hartzen duena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu