'De ratones y hombres'
Konpainia: Señor M. Egilea: John Steinbeck. Egokitzapena eta zuzendaritza: Manuel Orjuela. Musika: Jorge Arbelaez. Antzezleak: Gadiel Lopez, Hector Sanchez, Laura Rodriguez. Lekua: Donostiako Imanol Larzabal aretoa (Lugaritz). Eguna: martxoak 17. .DFeriak daukan bertuteetariko bat da Latinoamerikako antzerki proposamen interesgarriak ekartzea, bestela Euskal Herrian —Baionako Translatines jaialdia aspaldi desagertuta— ezagutuko ez genituzkeen piezak eta konpainiak hemengo ikusleen eskura jarriz. Izan ere, kontinente hartan dute jatorria egunotan ikusi ditudan lan interesgarrienetariko bik: Marina Otero argentinarraren Fuck me eta gaur ikusi dugun De ratones y hombres, biak ala biak punta-puntakoak eta bikainak.
John Steinbeck estatubatuarraren Of Mice and Men eleberria Depresio Handiaren garaian argitaratu zen eta gero jende askoren gogoan geratu zen Gary Sinisek haren gainean zuzendutako filma, bera eta John Malkovich bi rol nagusietan zeudela.
Gurean, Miguel del Arco madrildarrak egindako bertsio eszeniko distiratsua ikusi genuen Bilboko Arriaga antzokian 2012an, eta hurrengoa orain Kolonbiako Señor M. konpainiak ekarri diguna izan da, ederra ere bai, baina kontrako muturretik sortua. Izan ere, gaurko hau antzerki txiroaren parametroekin eraiki da, iraupena ordubetera laburtuta eta antzezle-taldean ezinbestekoak diren hiru pertsonaietara mugatuta: Lennie (Hector Sanchez) eta George (Gadiel Lopez) jornalariak eta ugazabaren emaztea (Laura Rodriguez).
Manuel Orjuelaren bertsioan oraingo Kolonbian girotu da iragarritako tragedia eta, horrela izanik, aipamen txikiren bat egin diote hango egoera sozio-politikoari. Adibidez, positibo faltsuen kontua aipatu dute ia subliminalki eta jende apalaren ametsa hango giroan kokatu dute, baina hor geratu da guztia, bi aktore nagusien ezaugarri fisikoak eta hitz egiteko manera nahikoa eta sobera izan direlako kontakizunari eta antzezpenei sinesgarritasun osoa emateko.
Planteamendu eszenikoa ere aipatzeko modukoa izan da: nekazari estiloko dekorazio apalak egurrezko horma bat erakutsi du atzean, antzezleak agertokiko zorua baino metro eta erdi bat altuago egon dira beti, agian horrela irudikatuz ibaiaren sakonera, eta aldaketa eszenikoak oihal beltza eskumatik ezkerrera desplazatuz gauzatu dira, pertsonaia bakarrerako tarte bertikala utziz.
Maila handiko gitarra jotzaile batek girotu du kontakizuna, eta oso foku gutxirekin hornitu dira eszenak. Amaitutakoan izandako txaloaldia egunotako ezein emanalditan entzundako luzeena eta beroena izan da, zuzendariak, hiru antzezleek eta musikariak merezi zuten bezala.